GARA > Idatzia > Euskal Herria

Herritarren kexari erantzun, eta aparkalekuak merkatzea erabaki du Grenetek

Uztail amaieran iragarririko garestitzeak Baionan sortu zuen polemikaren ondotik, auzapezak gibelera egin, eta neurri berriak aurkeztu zituen atzo. Oro har, herritarrentzat %45 murriztuko dira aparkalekuen tasak.

p028_f02_097x108.jpg

A.B. | BAIONA

Uztail bukaeran, Baionako aparkaleku guztiak ordaindu beharko zirela iragarriz, herritarren haserrea piztu zuen Udalak. Geroztik, igaro diren bi hilabeteetan isilik egon ondoren, Jean Grenet auzapezak agerraldia egin zuen atzo Baionako aparkalekuen prezioen antolaketa berria aurkeztuz.

Udalaren proposamen berriaren arabera, parkingen prezioek, orokorrean, behera egingo dute herritarrentzat. Aparkaleku motaren eta biztanleen soldaten arabera finkatuko diren harpidetzen balioak, izan ere, %45 eta %66 arteko beherakada izango du. Eta, bide bazterretako aparkalekuentzat, bertakoentzako txartela 30 eurotik 15 eurora merkatuko da.

Parking estalietako harpidetza, berriz, egungo 55 euroetatik 30 eurora pasatuko da. Bestalde, Baionan, autoa bi egunez leku berean uztea debekatua denez, neurri horri aterabide bat emango diotela jakinarazi zuen Grenetek. Epe luze batean oporretara joaten direnek parking estalietan uzten ahalko dituzte autoak, hogeita hamar euroren truke. Azaroan jarriko dira indarrean neurri horiek, eta, Greneten esanetan, Baiona Akitaniako herri merkeena bilakatuko da neurri horiei esker. Azkenik, bisitariek ordubetez parkinga doan izateko eskubidea izango dute. Greneten esanetan, neurri horiekin 200.000 euro xahutuko ditu Udalak.

2.800 izenpetze

Uztaileko polemikaren ondotik, Baiona Parking izeneko kolektiboa sortu zen. 2.800 lagunen sostengua jaso duen izenpetze kanpaina bat abiatu zuten. Kolektiboak bilkura eskatua zion auzapezari, baina, atzo arte, eskaerari muzin egin izan dio Grenetek.

Euro bat

Baionako inguruetako aparkaleku guztien prezioa, egunez, euro batera murriztuko da. Gauez, aldiz, doakoa izango da aparkatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo