GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

Engaiamenduak bildu ditu Kontseiluak

GARA | DONOSTIA

«Agindua zor» dio euskal esaera zaharrak, emandako hitza bete beharrekoa dela adierazteko, eta horixe bera baliatu du Kontseiluak alderdi edo hautagaiek euskararen normalizazioaren harira hartzen dituzten engaiamenduak bildu eta hedatzeko sortu duen ataria izendatzeko. Horren bidez, bakoitzak hartutako konpromisoak irakur eta entzun daitezke. PPk eta UPyDk ez dute ekarpenik egin, hau da, ez dute inolako konpromisorik agertu.

Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak, gogoratu du Kontseiluak alderdi guztiei bidali ziela bere proposamena hizkuntza-politika egokia gauza dezaten. «Azken hilabeteotan argitaratutako datuek erakutsi digute nahitaezkoa dela hizkuntza-politika aldatzea eta neurri eraginkorrak hartzea. Normalizazio-prozesuaren erritmoa azkartu behar dugu. Horrexegatik, eskatu nahi dugu Kontseiluak luzatutako proposamenari erreparatzeko eta haien programetan hizkuntza-politika eragingarria hartuko duten konpromisoa agertzeko».

Arestian aipatu den bezala, Antonio Basagoitik eta Gorka Maneirok ez dute ekarpenik egin. Bai, ordea, gainerako indarren hautagai nagusiek, hau da, Iñigo Urkulluk (EAJ), Laura Mintegik (EH Bildu), Patxi Lopezek (PSE), Mikel Aranak (Ezker Anitza), Raquel Modubarrek (EB), eta Aitor Urrestik (Equo). Ikusgai dago web orrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo