GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Onenen artean sartzeko aukera dauka Biarritzek

Zuri-gorriek irabaziko balute, gutxienez zazpigarren postuan amaituko lukete jardunaldia.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek sailkapeneko lehen zazpien artean sartzeko aukera paregabea dauka gaur, 15.00etan, Racing Paris hartuko baitu Agileran. Frantziarrak sailkapeneko zazpigarren postuan daude, eta bat atzerago lapurtarrak, bi puntu gutxiagorekin. Gaur irabazita, aurre hartuko liekete euskal jokalariek paristarrei, eta datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartelak banatzen dituzten postuetan sartuko litzateke Biarritz.

Gaur Agileran neurtuko diren bi taldeek irabazi egin zuten pasa den astean, nahiz eta arazo askorekin ibili ziren. Gaurko neurketak ikaragarrizko balioa dauka bientzat, denboraldi amaieran berdinketarik baldin balego, postua alde izango lukeelako gaur irabazten duenak. Biarritzi buruz edozer espero daiteke, denetik erakusten ari delako denboraldi honetan, baina sasoiko azken txanpa honetan bere itxurarik onena ikustea espero dute zaleek.

Racing, berriz, ez dabil hasieran uste bezain ongi, eta azkenaldian zerbait behera egin ote duen itxura ere badauka, baina gaur Euskal Herrira garaipenaren bila etorriko da, beraientzat kolpe handia bailitzateke gaur galtzea.

Zuri-gorrien artean, lesioak ere ugari dira, eta gaurko partidan August, Burotu, Haylet Petty, Lauret, Synaeghel, Thiom eta Traille ez dira jokatzeko moduan egongo, guztiak ere min hartuta baitaude. Hamabostekoa ez dute eman ezagutzera, baina pasa den astetik ez da aldaketa handiegirik izango, entrenatzaileek orain arte lortu ez duten erregulartasuna berreskuratu nahi baitute.

Aviron

Avironek ere 15.00etan jokatuko du, baina kanpoan izango du neurketa, eta Stade Toulousainen aurka neurtuko da. Okzitaniakoak egungo txapeldunak dira, baina Ligan ez dabiltza hasieran espero zen bezain ongi. Sailkapeneko hirugarren postuan daude, eta finalerdiak zuzenean jokatzeko aukerak ere gero eta gutxiago dituzte. Bi taldeentzat oso norgehiagoka garrantzitsua izango da. Etxekoek, bigarren postu horretara gerturatzeko garaipena behar dutelako, eta baionarrentzat lehen zazpi postu horietara hurbiltzeko. Lapurtarrek ez zuten partida txarra egin pasa den astean Parisen. Irabazteko adina meritu ere egin zituzten, baina garaipena lortu ezinik geratu ziren.

Jokalariei dagokienean, ez dute eman ezagutzera gaur Tolosan aurkeztuko duten hamabostekoa, baina Boyet, Marmouyet, Boutaty, Visensang eta Otazo ez dira bertan egongo, hirurak ere min hartuta baitaude, eta oraindik ez daude jokatzeko moduan. Tolosak ere baja garrantzitsuak izango ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo