Xabier Izaga | Kazetaria
«Oin norekin ein bi xuat nik euskeraz?»
Azken asteotan euskararen aurkako eraso ugariren berri jakin dugu (tira, badakigu euskara ez dela gizakia ez, beraz, eskubideduna -espainiera eta frantsesa ez bezala-, baina euskaldunok beharbada...): Baionako Suprefetaren agindua Ipar Euskal Herrian, Hego osoa mehatxatzen duen Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Lege Organikoa (LOMCE) edo, asteon gogorarazi digutenez, «Egunkaria» auziko atal ekonomikoa oraindik zabalik egotea eta hamar urteren buruan bidegabekeria erraldoi hura, behinik behin ahal den neurrian, zuzendu ez izana. Kasu bakan batzuk baino ez aipatzearren.
Atzo Gasteizen, euskal preso politikoen aldeko azken ostiraleko elkarretaratzean, euskalgintzako hainbat eragilek, «Euskara da gure territorio libre bakarra» Sarrionandiaren bertsoa lelo hartuta, gure presoen eskubideen urraketa etengabea salatu zuten, hizkuntz eskubideena nabarmenduta. Gogora etorri zitzaidan lagun oñatiar batek kartzelatik irtendakoan esandako hitzak, sakabanaketaren hasieran kartzela urrun batera bidean berekin zeramatzan kezkak, alegia: etxekoak eta «oin norekin ein bi xuat nik euskeraz?».
Ondo asko dakite kezka horren berri. Gure zazpi herrialdeotan egunero-egunero urratzen dituzte euskaldunon hizkuntz eskubideak, batzuetan bestetan baino areago, baina denetan. Eta euskal presoen herrialdean zapalkuntza hori are handiago eta etengabeagoa da. Herrialde txiki bezain barreiatu horretan euskara ez baita ofiziala, jakina, eta jazarrita baitago, beste edozeinetan baino jazarriago. Euskal presoen territorio libre bakarra ezabatzea mendeetako borroka dute, baina ezin dute zapaldu, ezin botatzarren azpian ezabatu.
Estatu espainolak eta frantsesak euskara arma arriskugarri gisa sumatzen dute, ez euskara delako, espainiera edo frantsesa ez delako baizik; horregatik jokatzen dute horren anker, batez ere herrialderik euskaldunenean. Eta arrazoi dute, euskara arma sendoa dugu, baina ez haien ez inoren aurkakoa, ez baita suntsitzekoa, eraikitzekoa baizik. Eta hark irautea ez dago presoen ez inoren eskuetan, baina bai denon ahoetan.