GARA > Idatzia > Kultura

Baionako Zinemaren Etxea kulturguneak 2014ko urte hondarrean zabalduko ditu ateak

Aturri ibaiaren bazterrean kokatuko den arte eta entsegu zinemaren areto berria, hiru zinema gela edukitzeaz gain, arte diziplina ugariren topagunea izango da. 2014ko urte hondarrean zabalduko ditu ateak.

p047_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Arte eta entsegu zinemaren presentzia Baionan egonkortzeko asmoz, Santespiritu auzoan kokatuak diren L'Atalante eta L'Autre cinéma aretoak gune bakar batean batzea erabaki du Herriko Etxeak. Aturri ibaiaren bazterrean finkatua, Zinemaren Etxea izena hartuko duen egitasmo berria, «etorkizuneko zinemaren» adierazle izatea nahi dute bultzatzaileek.

«Zinemak aldaketa asko izan ditu eta biziko ditu datozen urteetan. Zinema gelen inguruko hausnarketa gure barne eztabaiden muinean dagoen gai bat da. Horregatik, egitasmo berria musiken, zinemaren, arte bisualen edo arte plastikoen arteko topagune bat izatea nahi dugu», goraipatu zuen Jean Pierre Saint-Picq zinema aretoak kudeatzen dituen Cinéma et Culture elkarteko buruak. Elkartearen hausnarketa horretatik abiatu da proiektua gauzatzeko aukeratua izan den Montreuileko Randja izeneko arkitekto tailerra, proiektu garaikidea finkatuz.

«Zinemagilea planoetatik abiatzen eta gero batzen ditu istorio bat kontatzeko», esan zuen Farid Azid arkitektoak. Irizpide nagusi horretatik abiatuz, jakinez hiri batean leihoek dutela istorioa kontatzen, egungo eraikinaren leihoak handitu eta hirira zabalduko ditu pelikula baten gisara. Barneari dagokionez, lehen sarrera handian, kontzertuak, eztabaidak eta animazioak bilduko dituen La Taverne ostatua kokatuko da. Gibelean, berriz, berrehun eserleku izango dituen bi pantaila handiko zinema-gela bakarra izango da. Sarrera nagusitik egingo da egungo L'Autre cinéma izeneko aretoarekin lotura. Gaur egun, bi leku ezberdinetan kokatuak diren zinema aretoek 100.000 ikusle biltzen dituzte urtero.

Hirian kulturgune berriak izango duen garrantzia goraipatu zuen Jean Grenet auzapezak. Horren adierazteko Zinemaren Etxearen aitzinean, Aturri ibaiaren gainean, terraza handi bat kokatuko dutela gaineratu zuen. Zinemaren Etxea izeneko gunea eraikiz Herriko Etxeak egungo tren geltokiaren auzoa eraberritzeko duen egitasmo orokorra abiatuko du. Lehen proiektu horretarako, 2,3 milioi euro bideratuko ditu. Udazkenean abiatuko dira obrak. Zinemari zuzenduriko kulturgune berri horrekin batera, egungo musikentzat saio eta kontzertu gune bat egiteko asmoa daukala jakinarazi zuen Jean Grenetek atzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo