Gerediaga elkarteko kide batek dio diru arazoengatik ez dela inoiz zuzendaririk bota
GARA | DONOSTIA
Kepa Bengoa Madariagak, Gerediaga elkarteko kideak, Aiert Goenagari Durangoko Azokako zuzendari kontratua berritu ez izanaren erabakia «errespetuz» hartzen duela, baina ezin duela «konpartitu» adierazi du, atzo «Anboto» Durangaldeko astekarian argitaratutako gutun ireki batean. «Sinetsi ezinik» titulua duen eskutitz honetan azaltzen duenez, «ez da lehen aldia Euskal Liburu eta Disko Azokak diru galerak dituena, eta gertatu direnean ez ziren krisi garaiak ere, baina horregatik ez da inoiz zuzendaririk kaleratu». Pasa den astean Gerediagak zabaldutako oharrari erreferentzia eginez, Bengoak dio «oso larria» iruditzen zaiola esatea «Aiertek ez duela zintzo jokatu Gerediaga elkartearekin eta ezin dut konprenitu nola prentsaratu dezakegun tamaina horretako akusazioa aurrez frogatu gabe». Gutuna Aierti eskerrak emanez amaitzen da.