Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Idazlearen ahotsa (III)
Armen jabetza eta erabileraren aldekoek Stephen Kingi kritikatzen diote berari ez dagokion arloan iritziak ematen ibiltzea. Beste modu batera esanda, ez dute uste idazleak, idazle den aldetik, ezer esatekorik duenik armen jabetza eta erabileraren inguruan. Ez da lehen aldia idazlearen autoritatea zalantzan jartzen dena, baina gertaera honetatik interesatzen zaidana da nola idazlearen autoritatea onargarria izatetik onartezina izatera igaro daitekeen minutu pare batean. Alegia, «beren» idazletzat zutenean, armen jabetza eta erabileraren aldekoek behin ere ez zituzten kuestionatu Kingen esanak. Aitzitik, publikoki armen jabetza legez kontrolatu behar zela adierazi zuenean, talde hori berau Kingen gaiaren gaineko ezagutza zalantzan jartzen hasi zen.
Idazle batek behin esan zidan publikoak edozein gairen gainean aditu baten moduan hitz egiteko gai izatea espero izaten duela idazlearengandik, baina berak pertsonalki gauza askoren gainean ideia handirik ez zuela aitortu zidan. Zentzu horretan, nekeza egiten zitzaion idazlearen rola. Beraz, batetik (idazlearen) ezagutza mailaren arazoa daukagu. Bestetik, esan izan da idazleak herriaren kontzientzia direla; herritar arruntari ihes egiten dioten kontuak berehala antzematen dituztela eta bere egitekoa dela haiek literaturara eramatea. Berez, biak ala biak, idazlea eta literatura, egitura politikoak dira, baina horrek ez du esan nahi politika egiteko beren modua ona edo egokia denik. Are gehiago, idazlearen eta literaturaren dimentsio etikoan sinestu nahi genuke, baina idazleak eta literaturak ez dute beti ikuspuntu etikorik eskaintzen.