GARA > Idatzia > Euskal Herria

POLO BEYRIS AUZOKO ESPETXERATZE ESPARRUA

Hirurogei urtez ezkutuan izan den historia iluna, ezagutarazteko bidean

Baionako Polo Beyris auzoan 1930eko hamarkadaren azken urteetan eta 1940ko hamarkadan bizitakoek izan ezik, Lapurdiko hiriburuko herritarrek ez dute auzo horretan izandako espetxeratze esparruaren berri izan. Agintariek nahitara ezkutatu nahi izan duten historia ezagutarazi nahian, auzoari buruzko erakusketa antolatu du bertako herritarrek osatutako elkarte batek. 1938an errefuxiatu errepublikanoak hartzeko sortutako esparrua 1947ra arte izan zen zabalik.

p014_f01.jpg

Ainize BUTRON

Iraganari erreparatzeko ordua iritsi zitzaien lekuko agintariei joan den asteazkenean, Baionako Polo Beyriseko MVC (Maison de la Vie Citoyenne) gelan auzoan izandako espetxeratze kanpamenduaren inguruan antolatutako erakusketaren inaugurazioan. 50 bat lagun bilduak zirela, Christian Millet-Barbe Baionako Herriko Etxeko zinegotziak honakoa adierazi zuen: «Bigarren Mundu Gerran hildakoen monumentuan espetxeratze esparru honetan hildakoen izenak gehituko ditugu». Zinegotziarekin batera, Baionako suprefeta eta Itsas Armadako ordezkari bat izan ziren ekitaldian, eta, guztiek, aho batez, iragana ezagutarazi behar dela nabarmendu zuten.

Alta, Polo Beyris auzoaren historia urtetan ezkutuan atxikia izan da, baita ukatua ere. Henry Grenet egungo auzapezaren aita eta garaiko alkateak, adibidez, 1950eko hamarkadan auzoan eraiki ziren etxebizitza berrien inaugurazioan errandakoa horren lekuko da. Espetxeratze esparrua etxebizitza berriak eraiki ahal izateko desegin zen, eta, bertako bizilagun berriei ongietorria ematerakoan, Henry Grenetek kokagune horretan nesken eskola bat egon zela azaldu zien.

Horiek horrela, Gazteen eta Kulturaren Herri Elkartearen sorreraren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldien zain egon beharra izan da auzoko herritar talde batek espetxeratze esparruaren memoria iluna berreskuratzeko prozesua bultzatzeko. Izan ere, auzotarrei historia horren berri emateko, elkarteak erakusketa bat muntatu du MVC gelan.

Errefuxiatuak, kanporatuak

Claude Labat historialariak erakusketaren antolaketan parte hartu du, eta, bere esanetan, 1937an, herritar aberatsentzat etxebizitzak eta nesken eskola bat eraikitzeko egitasmoak zituzten auzoan. «Bigarren Mundu Gerra hasi zen, eta, hala, Baionako hiria, egitasmo hori bertan behera uztera behartua izan zen», argitu zuen.

Biarritzeko aberatsentzat Polo Beyris auzoan finkaturiko zalditegia eta poloan jokatzeko zelaia, Kataluniako Perthus menditik Francori ihes heltzen ziren Kataluniako, Asturiasko eta Euskal Herriko errefuxiatuak jasotzeko baliatua izan zen 1938. urtearen bukaeran. Emakumeak, umeak, elbarriak eta adineko herritarrak ziren gehienbat.

«Zalditegietan hartu zituzten. Jendarmeek zaintzen zuten esparrua errefuxiatuak bertatik ez ateratzeko», argitu zuen Labatek. Eta, 1939eko irailean, Estatu frantseseko mota bereko beste espetxeratze esparruekin gertatu bezala, Baionako 247 errefuxiatu horiek «Francori itzuli zizkien» garaiko Gobernuak. «Ez da harrotzeko moduko gertakaria. Garai horretako fenomeno orokorra izan zen, eta garaiko agintariek isilpean mantentzea nahiago izan zuten», nabarmendu zuten erakusketaren antolatzaileek.

Isiltasun horren erakusle, 1942an Baionan sortu zen Marie-Pierrek bere harridura adierazi zuen erakusketan agertzen zena ikusterakoan. «Baionako hiriaren erdialdean ez genekien ezertxo ere ez auzo honetan gertatzen zenaren inguruan», adierazi zion espetxeratze esparruaren ondoan bizi izan zen Genevieve Minusi. Minus bera, auzoan bertan sortu zen, eta, esparrua ireki zelarik, 7 urte zituen. «Nire etxetik esparrua ikusi egiten zen. Beldur ginen. Gurasoek hurbiltzea debekatzen ziguten», argitu zuen.

Frontstalag 222

Errefuxiatuak Francoren esku utzi ostean, 1940an, Frontstalag 222 esparrua eraiki zen leku berean Estatu frantseseko soldaduekin batera nazien aurka borrokatutako kolonietako soldaduak giltzapetzeko. «Gogoratzen naiz begiratoki bat zegoela. Nahiko beldurgarria zen. Esnearen bila joaten nintzelarik ikusten nuen gunea. Batzuetan ihesaldiak izaten ziren, eta, iheslariek, etxean gakotzeko eskatzen ziguten», gogoratu zuen Genevievek.

Hain zuzen ere, Afrikako soldaduek eraiki zuten Atlantikoko Horma ospetsua. «Kolonietako soldaduentzako esparru asko eraiki ziren Akitania osoan. Guztien artean handiena Baionakoa izan zen», nabarmendu zuen Labatek. Orotara, lau mila bat lagun jasotzen ahal zituen.

1947an espetxeratze esparrua itxi arte, Afrikako soldaduen ondotik, Alemaniako okupatzaileekin ustez kolaboratu zutenak espetxeratu zituzten bertan. «Garai hori zaila izan zen, preso zeuden batzuk ezagutzen baikenituen», gehitu zuen Genevievek.

Espetxeratze esparrua hustu zelarik, garaiko Baionako Udalak lurrak berreskuratu nahi izan zituen Iparraldeko barnealdetik zein beste leku askotatik etorritako herritar asko zentroan guztiz metatuta bizi zirelako. Azkenean, barrakoiak desegin eta etxebizitzak eraiki zituzten, espetxeratze esparruaren aztarnak, mende erdi batez, herritarren memoriatik desagerraraziz.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo