GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Ikusten ez den lana

Amets TXURRUKA
Caja Rural taldeko txirrindularia

 

Gizon handi baten atzean emakume handi bat dago. Esaera hori horrela dela baieztatu da bizitzan zein txirrindularitzan sarri, eta bat egiten dut baieztapenarekin, beraiek gabe ez baikinateke ezer sarritan. Baina gaurkoan aldaera batekin nator. Txirrindulari handi baten atzean lantalde handi bat dago. Gaurko etapa bukatutakoan, Tourrak Korsikako paisaia ederrak utziko ditu bihar Nizan hasteko. Lasterketa telebistaz jarraitzen dugunok emanaldia bukatutakoan biharamunera arte ahaztu egiten dugu. Txirrindulari eta lantaldeek, ordea, bigarren etapa bati ekin beharko diote Frantziako lurretan dagoen Nizako kostalderaino.

Etapa amaitutakoan, dutxatu eta txirrindulariak hegazkinez abiatuko dira, baina masajistek eta mekanikariek egun luzea dute oraindik aurretik. Aipatutakoak gaurko etapan txirrindulariek behar izan duten guztia eskura izan zezaten arduratu ostean, askariak eman, arropa zikina garbitzera bota, haien maletak jaso, kotxe eta autobusetan sartu eta gainerako materiala ere txukun atonduko dute bidaia luzeari ekiteko. Aldi berean, mekanikariek ere bizikletak garbitu, matxurak konpondu eta ondo prestatuko dituzte. Ondoren, ibilgailu guztiak hartu eta portura abiatuko dira ferrya hartzera. Gaua itsasoan pasatu ondoren, taldea dagoen hotelera iritsi eta biharko etaparako prestaketekin hasi beharko dute. Bihar taldekako erlojupekoa denez, gainera, berebiziko pisua daukate taldeko langile hauek. Besteak beste, jan-edanak antolatu, hotelean sortzen diren beharrizanez arduratu, arazorik sortuko balitz ere kirolarien alboan egon eta bizikleta zein bestelako baliabide guztiak prest eduki beharko dituzte. Egun osoko erlojuz aurkakoa izan ohi da hauentzat. Tentuz eta arduraz jokatu beharreko urduritasun handiko egun aldrebesa.

Lasterketa egunetan goizean goiz gu baino askoz lehenago jaikitzen dira eta gaueko ordu txikiak arte etenik gabe ibiltzen dira askotan, guk errepidean mailarik onena eman dezagun. Lan gogorra da inondik ere, baina daukaten lan zama irribarrez eta gogo onez egiten ikusten ditut beti, eta horrek indarra ematen dit biharamuneko etapan. Beraiek gabe ez ginateke ezer.

Lerro hauek idazten ari naizen bitartean, azken aste eta erdi honetan legez, Rufino burutik kendu ezinik nago. Ordenagailuko teklen artean malko bat isuri zait berarekin bizitako une ederrak berriro biziko ez ditugula pentsatzean, berak eman digun guztia eskertu eta bueltatzeko aukera gehiagorik izango ez dugula sinetsi ezinik. Utzi diguzun hutsunea handia da eta egunek aurrera egin ahala handiago egiten dela iruditzen zait.

Hutsune hori, guretzat handia baldin bada, etxekoentzat are handiagoa izango da, eta Rufok guri behin eta berriro erakusten zigun moduko maitasun keinu bat bidali nahi nieke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo