GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA

Erandioko Goiherri A taldeak denboraldi honetako hirugarren txapela lortzeko bideari ekin zion Getxon

p038_f02.jpg

J.L.

Erandioko Goiherri A taldeak denboraldiko hirugarren txapela lortzeko bideari ekin zion herenegun Getxon, 600 kiloko lehen jardunaldian ere jaun eta jabe izan baitzen. Hala, garbi utzi du pisu honetan ere txapela lortzeko faboritoa zein den.

Berdeek berriro ere tiraldi guztiak irabazi, eta jokoan zeuden punturik gehienak beraientzat izan ziren. Orain arteko saio guztietan beste guztien gainetik agertu dira, eta Getxon berriro ere gauza bera baieztatu besterik ez zuen egin talde bizkaitarrak. Beste bi jardunaldi ere jokatuko diren arren, ez dirudi inork mendean hartuko duenik.

Bigarren posturako aurreko bi mailetan borroka handia izan da, eta oraingoan ere horrelaxe izan zen, baina Gaztedi A taldeak aurrea hartu zion Mutrikuri. Gorritxoak erregulartasun falta handi samarrarekin dabiltza, eta oraingoan beraien alderik onena erakutsi zuten, saioa Mutrikuren aurretik amaituz. Dena dela, podiumeko beste bi postuak bi talde hauen artean izango direla dirudi.

Goiherri B eta Gaztedi B taldeek, berriz, berdinduta amaitu zuten. Aurreko bi taldeekin galdu egin zuten, eta Getxori biek irabazi egin zioten, baina elkarren arteko deman berdinduta geratu ziren. Azkena, berriz, Getxo sailkatu zen. Datorren larunbatean jokatuko da Mungian bigarren jardunaldia.

Sega

Segako denboraldia oraintxe dago indarrean, eta era tradizionaleko Euskal Herriko Txapelketako kanporaketak datorren igandean jokatuko dira, atzo Euskadiko Federazioak jakinarazi zuenez.

Elgetan jokatuko dira kanporaketak, eta zortzi segalari arituko direnez, bi multzotan banatuta arituko dira. Lehenengoan, Ormaetxea, Kanflanka, Pardo eta Goenaga neurtuko dira. Bigarrenean, berriz, Alkorta, Lizaso, Garaialde eta Esnaola. Multzo honetako laurak izan ziren Gipuzkoako finalean. Multzo bakoitzetik lehenengo biak sailkatuko dira finalera, eta segalari bakoitzak ordu erdi izango du lanean aritu eta ahalik eta kilorik gehien ebakitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo