GARA > Idatzia > Euskal Herria

Irungo Landetxa konpainiak jasaten dituen erasoak ikus ditzala eskatu dio alkateari

Dozenaka lagun bildu ziren atzo Irungo Bentetako Landetxa auzo elkartean, bertako konpainiak San Martzial jaietan pairatzen dituen erasoak genero indarkeria direla azpimarratzeko eta horien kontra egiteko.

p013_f01.jpg

Maider IANTZI | IRUN

Erasoen uneetako argazkiak erakutsiz eta dozenaka pertsonaren babesarekin -tartean Lur Etxeberria, Xabier Isasi eta Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko parlamentariak, Irungo Udaleko Bilduko zinegotziak eta Bilgune Feministakoak- egin zuten agerraldia atzo eguerdian Landetxa konpainiako ordezkariek auzo elkartean. Jaietan pairatu duten indarkeriaren berri eman zuten, ezer baino lehen dagokien testuinguruan kokatuz: «Emakumeen eta gizonen arteko harreman desorekatuak bultzatzen dituen sistemaren biolentzia».

Eider Martinek eta Iker Urtizbereak adierazi zutenez, Kale Nagusian urtero jasaten dituzten erasoak indarkeriaren «izozmendiaren muturra» dira, baina azpian, ur ilunetan, berau ahalbidetzen duen egitura agerian gelditzen da.

Indarkeria hau ez da soilik San Martzial egunean islatzen. Salatu zutenez, auzoko entsegu batean, auto gidari batek konpainiako partaideen segurtasuna arriskuan jarri zuen, kapitainaren gelditzeko keinuari uko egin eta abiadura bizian aitzinera segituz. Kideek baztertu egin behar izan zuten, autoak harrapa ez zitzan. Ekainaren 30ean, aldiz, hamazazpi urteren ondotik, berriro jasan zituzten erasoak Kale Nagusian. Alde batetik, «fisikoak»: «Pertsona batzuek haien edariak gure konpainiako kideen gainera jaurti zituzten. Honen ondoren, konpainiako partaide batzuk kolpekatu zituzten». Bestetik, «psikologikoak, emozionalak eta hitzezkoak»: oihu eta irainen artean jaitsi behar izan zuten Kale Nagusira eta, nahiz eta txalo anitz jaso, mehatxu, gutxiespen eta keinu iraingarriak ere ugari izan ziren.

Nabarmendu zutenez, «erasotzaileen zigorgabetasuna» da okerrena. «Inpunitate osoz erasotzen digute eta babestuta sentitzen direlako mantentzen dute jarrera bortitz hori», ohartarazi zuten. Emakume, gizon, heldu zein adin txikiko, era indiskriminatuan eraso dietela eta instituzioek indarkeria «onartu, indartu eta babesten» dutela kritikatu zuten.

Instituzioak ez ezik, Lakuako Barne Saila eta zenbait hedabide ere isilik gelditzen direla salatu zuten. «Zergatik ez du inork ikusi nahi arratsaldean Kale Nagusian urtero gertatzen dena? Nori interesatzen zaio `dena ondo atera dela' sinetsaraztea?».

Lasai desfilatu ahal izatea

Egoera deskribatu ondotik, eskaerak plazaratu zituzten Landetxa Konpainiakoek: gizarte eragile eta instituzioek euren eta eurak ikustera etortzen direnen segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea; Lakuak, besteak beste Emakundek, alardeetan gertatzen dena genero indarkeriatzat jotzea eta horren kontra jokatzea; eta bereziki Jose Antonio Santano Irungo alkateak «begiak irekitzea eta bere herriko Kale Nagusian gertatzen dena ikustea».

Finean, «berdintasunez bizi ahal izatea» exijitzen dute, indarkeriak utzi ez dien «gauza normal eta natural bat egin ahal izatea: gure Alardea bakean eta pozik bukatzea».

arnasestuka

San Martzial egunean Kale Nagusira jaitsi eta San Juan enparantzan lasai sartu nahi dute Alarde parekideko lagunek, «ez aurreko igandean bezala, lerroak deseginda, gure musika isilduta eta arnasestuka».

ESKERRAK

Eskerrak eman zizkieten urtero animo eta txaloekin babesten dituztenei, eta instituzioen betebeharra ezarri dituzten legeak eta egin dituzten promesak egia bihurtzea dela nabarmendu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo