Merezitako saria Basterretxeari eta herritarrek emana zieten onespena «Egin» eta «Egunkaria»ri
Bermeoko hondarribiar batek jasoko du Gipuzkoako Urrezko Domina. Bizitza arteari eskaini dion eta, aldi berean eta Martin Garitano ahaldun nagusiak atzo nabarmendu bezala, Gipuzkoarekiko konpromisoa -Euskal Herriarekikoa ere badena- erakutsi duen eskultoreak, Nestor Basterretxeak, gutxik bezala ordezkatzen baitu herrialdea. Haren ibilbideak, margolaritza, arkitektura, argazkilaritza, zinemagintzan barrena, edozein zalantzatatik kanpo uzten du Basterretxearen merezimendua eta, beraz, Aldundiaren erabakiaren egokitasuna.
Eta egokia da, halaber, «Egin» eta «Egunkaria» saritzeko erabakia ere, gizakiak ez badira ere, egunkari horiek Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko herritarren parte handi bat ordezkatu baitute. Basterretxearen kasuan bezala, horiei emango dieten Urrezko Plakak ere ez du aparteko azalpenik behar, herri honetako kazetaritzaren ezinbesteko erreferentzia izateaz gainera, adierazpen askatasunak kazeta bion haragitan jasotako erasorik latzenetako baten biktima baitira. Merezitako sariak, inondik ere, eta bazen garaia herri erakunde batek herritarrek aspaldi luzetik erakutsi izan dieten aintzatespen eta esker onarekin bat egiteko.