Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia
Beste pasta batekoa
Haizea, tentsioa, urduritasuna eta erorketak izan dira gaur ere nagusi. Zorionez, oso-osorik iritsi gara helmugara, eta hasieran uste genuen baino arazo gutxiago ditugu saihetseko haizearekin. Gaurkoan, adore eta kemen ikaragarria erakutsi duen txirrindulari bati buruz idatzi nahi dut neure zutabetxoa.
Herenegun erorikoa izan eta gero, atzamar meharra hautsi zuen, eta animatzen saiatu eta sendagilearenetik minarentzako zerbait ekarri nion arren, batere hitz egin gabe azkar ulertu nuen benetako mina bere Tourra galtzeko amorrazioak ematen ziola. Ikaragarrizko sakrifizioak egin eta gero, etxera joatearen mamuak barrutik jaten zuen nire gelakidea.
Hala ere, eta behatza hautsita izan arren, eta segur aski, beste lan «arrunt» batean denboralditxo bat bajan eman beharko lukeen arren, Tourrean jarraitzea erabaki du.
Batzuek esaten dute txirrindulariok beste pasta batez eginak gaudela, baina nik uste, benetako pasta kirol honek etortzen diren arazoei aurre egiteko ematen dizun perspektiba eta borrokatzeko gogoa dira. Txirrindulariok, borrokalariak izan ohi gara, baina gaur Usurbilgo batentzat horrenbeste ez dela aitortu arren, txapela kendu nahi dut Haimarrek erakutsi duen adore eta ausardiaren aurrean.
Ez dakit beste pasta batekoa den, baina argi dago pasta normaleko batek ez lukeela lasterketan jarraituko.
Horrexegatik, bejondeizula; big respect Haimar!!!!