kronika | seaskaren okupazioa
Sozialisten egoitza lubaki, hitzordua lortu arte
Erabakitasun osoarekin eta bertan epe luzean gelditzeko asmoz, lekutu ziren Seaskako gurasoak, irakasleak, bai eta aitatxiak eta amatxiak ere, Baionako Alderdi Sozialistaren egoitzan. Xedea? Hezkuntza ministroarekin hitzordu ofiziala lortzea.
Ainize BUTRON
Asteazken gauean Alderdi Sozialistaren afiliazio-karta hartzera zetozela erranez sartu ziren Seaskako berrogei bat lagun Baionako alderdi horren egoitzan. Gaztetan egindako okupazioak gogoan zituztela, egungo komunikatzeko bideak, Twiter, Facebook, SMS edo helbide elektronikoak, baliatu zituzten, Ipar Euskal Herriko ikastola guztietako gurasoak mobilizatzera deitzeko.
Horri esker, gunea okupatzen une oro gutxienez hamar lagun izan zitezen, ikastola ezberdinetako guraso, guraso ohi, ikasle ohi eta aitatxi-amatxiak, tartekatuz joan ziren asteazken arratsean eta atzo egun osoan.
Gaskoinen plazan kokatuta dagoen egoitza txikian sartu, eta atea zabaldu eta berehala argi utzi zuen Seaskak bere asmoa: «Hemendik ez gara aterako Vincent Peillon Hezkuntza ministroarekin hitzordu ofiziala lortu gabe!». Hala, asteazken gauean eskualdeko kontseilari Mathieu Bergek hainbat SMSz salaketa jarriko zuela mehatxu egin bazien ere, erabakitasun osoz, gurasoek ez zuten etsi. «Murgiltze ereduak jarrai dezan nahi badugu, borroka egin behar dugu», ihardetsi zioten.
Bergek «mehatxuaren estrategia» baztertu eta beldurtzeko saiakeran hasi zen: «Ohartzen zarete! Lekuko hautetsiek zuentzat egiten duten guztia hankaz gora jartzen ari zarete. Ez dugu berdin lanean jarraitzen ahalko». Eta, gurasoek horri ere erantzun zioten: «Baina ez gara zure kontra ari, laguntzen baizik. Parisen zuek ere ez zaituztete entzuten... beraz, hona gatoz, laguntzera!».
Hendaian gertatutakoaren ondotik, ikastoletako gurasoentzat aterabide bakarra lege bat egitea da, eta asteazken arratsaldean hasi eta atzo oraindik jarraitzen zuen okupazioaren bidez, aldarrikapen hori ulertarazi nahi izan zioten Parisi. Berge kontseilariaren ezinegona, gurasoen lasaitasuna eta erabakitasuna eta hitzordua goaitatzea; horiek guztiak nahasi ziren ekimenean.
Sandra Dacharry Hendaiako Gure Ikastolako lehendakaria okupatzaileen artean zegoen eta, argi utzi nahi izan zuen gertatzen ari dena «Hendaiaren debatea baino urrunago» doala. «Hemengo hautetsiak egoeraz kontziente dira, baina ez da nahikoa. Hipokrisiatik atera behar dugu, eta ikastolei aterabide bat eman behar zaie».
Eztabaida gunea
Ikastoletako gurasoek umeen eskolen etorkizunari buruzko eztabaida gune bilakatu zuten Alderdi Sozialistaren egoitza. Mathieu Berge eta Colette Capdevielle diputatua hitzordu bat lortu ezinean zebiltzan bitartean, gurasoak ekintzari buruzko iritziak trukatzeko asanbladak egiten aritu ziren. Bertatik irteteko asmorik ez zutenez, lekua txukuntzeko, guraso batzuek altzariak mugitu, berinak eta egoitza garbitu, eta hainbat apaingarri lekuz aldatu zituzten. Horrela, François Mitterrand presidente ohiaren argazkiaren ondoan, Hollande biboteduna agertu zen, eta kanpoko berinetan afixak jarri zituzten lege bat behar zutela aldarrikatuz.