GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | kronika, getxoko jazzaldia

Kresalak jazza dakar

p053_f03_140x100.jpg

Anartz BILBAO

Uztailarekin batera kresalak jazz doinuz zipriztintzen du Euskal Herriko kostaldea, mendebaldetik ekialdera, Getxo partetik sartu eta Donostia atzean utzita joan. Europar jazzean arreta berezia jartzea da Getxoko jazzaldiaren ezaugarrietako bat, egun izar nagusiak jo baino lehen jokatzen den lehiaketarekin gauzatzen duena. Atzo, Bartosz Pernal-Michal Szkil Quintet poloniarrak izan ziren zeregin horretan Ignacio Berroaren laukoteari oholtza girotzeko hautatutako taldea.

Kontzertu nagusiez mintzo gara eta hauek Biotz Alai plazan dute kokalekua; aurtengo afixa ederrak ere bihotz bat ageri du, klarinete-geziz zauritua. Enparantza zabala den arren, zorionez estalia da Biotz Alai, karpa erraldoi batek gordetzen baitu alderik alde, musikariak zein entzuleria babesean mantentzeko. Asteazkena izan arren, atzeko harmailak izan ezik, kasik beterik da plaza; entzulea nagusi samarra da eta gehien-gehienak gizonezkoak dira. Kanpoan euri lanbroa ari du; badugu bai bihotzak alaitzeko beharra.

Ignacio Berroa Kuban jaio zen bateria-jotzailea da (1953, Habana), bere laukoteko kide guztiak bezala egun New York hirian bizi bada ere. Goi mailako jazz musikariekin jo izan du, tartean Getxon izango ditugun Winton Marsalis edo Gonzalo Rubalcabarekin, eta kubatarra izanda karibetar erritmoak etxekoak dituen arren -herenegungo laukotean lautik hiru musikari ziren karibetarrak-, ez pentsa bere jazza horren latinoa denik. Ondoan, Ben Wendell saxofoi-jotzailea eta Ricky Rodriguez kontrabaxu-jotzailea ditu, musikari gazteak, baita oso estimatua den Luis Perdomo pianista venezuelarra ere.

Zuzenean bateria-jotzaileak talde gidari gisa emandako debut lanean, «Codes» (2006, Blue Note) izenekoan, gordetako kantak jo ditu, baita aurki grabatuko dituen batzuk ere, garapen luzekoak gehienak.

Laukotea Berroak berak gidatzen duen arren, musikari bakoitzak badu bere bidea egiteko moduko pisua. Perdomo trebea da laukote gidariarekin batera eskarmentu handiena duena, besteak beste Ravi Coltranerekin orain gutxi Bilbon izana da. Gazteagoak dira saxofoi-jotzaile kanadarra -txalo ugari jaso zituena- eta kontrabaxu- jotzaile puertorricarra, Berroak «talentu handiko gaztea» eta musika tresnaren «etorkizuneko izen handia» legez aurkeztua. Bere aldetik, taldeburuak ezin izan ditu bakarkako erakustaldiak ekidin, eta guk gure aldetik bateria soloak inoiz ulertu ez ditugun arren, dotore jo ditu egin dituen biak. Handinahikeriak alde batera utzi, eta ondo eta bizkor, erraz jotzeko gai dela erakutsi du, irribarrerik galdu barik.

Berroa Gillespie-ren babesean hazitakoa da musikari legez, eta «maisu eta lagun» izendatu zuen jazz erraldoiaren doinu batekin itxi zuten zuzenekoa, «Codes» diskoan ere baden «Woody ´n you» -aurretik Chick Corearen «Three Quartets» lanetik «Quartet No. 2» kanta ere bereganatu zuen-; «gerora etorri garen musikari guztiontzako eredua izan da eta izango da Dizzy», adierazi zuen.

Jazzaren alde didaktikoari garrantzia ematen ohitua -sarri eman izan ei ditu eskola eta mintegiak-, Berroak azalpenen bat edo beste eman bazuen ere, bateria-jotzaile ona den aldetik, ez zuen gehiegi moztu kontzertuaren erritmoa, eta zaleak bereganatu zituen mikrofono aurreko umore ukituekin. Laukotea aurkezterakoan, adibidez, «Liverpooletik nator eta nire izena Ringo Starr da», bota zuen.

Kontzertuko une bikainenetakoa bigarrenez oholtzaratu zenean eman zuen laukoteak, bakoitza bere aldetik hasi eta gurutzaldi abiadura hartu ostean bat egin zutenean. Ezin idatziko dugu Ignacio Berroak Karibera eraman gaituenik, baina ondo hasi da Getxoko Jazz jaialdia. Epelago da orain.

Fitxa

Taldeak: Bartosz Pernal-Michal Szkil Quintet + Ignacio Berroa Quartet.

Lekua: Biotz Alai plaza. Getxo.

Data: 2013-7-3.

Ostirala: Jan Feco Quartet + Al Di Meola World Sinfonia.

Larunbata: Freeway Quintet + Gonzalo Rubalcaba Trio.

Igandea: Talde lehiaketaren irabazlea + Jazz at Lincoln Center Orchestra with Wynton Marsalis.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo