GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

«Sekulako urratsa egin dugu; guztion garaipena izan da»

Gora Iruñea! plataformak, prentsaurreko baten bitartez, sanferminetan jaigunea izan dadin babesa eman eta lan egin duten guztiei eskerrak eman nahi izan zizkien. Era berean, egun hauetarako ekitaldi ugari izanen dituen egitaraua aurkeztu zuen.

p054_f02_100x100.jpg

Aitor AGIRREZABAL | IRUÑEA

Lan eta lan ari dira Runa parkean, larunbatean dena prest izan dadin jai gunean sanferminetaz gozatu ahal izateko. Hala ere, atzo, tarte bat hartu zuten ordutik aurrera egonen den egitaraua aurkezteko.

Beste askoren artean, Gatibu, azken unean gehitutako Obrint Pas, Vendetta eta Tximeleta taldeez gozatzeko parada izanen da. Ez da dena musika izanen ordea. Gunea egunero egonen da irekita goizeko 11.00etatik gaueko 3.00-4.00ak arte. Irekiera ofiziala emanen zaio uztailaren 6an, 14.00etan, eta hortik aurrera aspertzeko betarik ez da izanen. Aipatutako musika emanaldiez gain, antzezlanak, herri krossak, ardo dastatzea, herri olinpiadak eta mus txapelketa era izanen dira. Aurkeztutako kartelari, The Bon Scott Band eta 9an, 12.30ean Pirritx, Porrotx eta Marimototxen eskutik botako den txupinazo berezi bat gehitu behar zaizkio.

Hau guztia hilabetetako lanaren fruitua da. Hasiera batean aurkeztu zen egitarauak aldaketa batzuk izan ditu, hainbat musika zein kultura taldek beste konpromiso batzuk hartu baitituzte. Hala ere, egindako lanari esker, egitarau oparoa aurkeztu dute.

Eta hau nabarmendu nahi izan dute plataformako kideek: «Sanferminetako prestaketan hiritarrok izan gara protagonista», adierazi du ekimeneko ordezkari Xabier Gartziak. «Gu izan gara hilabete hauetan sanferminak antolatu ditugunak, gu gara-eta jai hauetaz gozatuko dugunak».

Oztopoak gaindituta

Jaiak herritik eta herriarentzat egiteko bide horretan, hainbat oztopo izan dira urtetan zehar, eta aurten ere horrela izan iruindarrentzat: «UPNk ez du akordioak burutzeko inolako asmorik agertu, baina lanak bere fruituak eman ditu».

Aldi berean, elkarrekiko esrrespetuan oinarritutako jaia eta jaigunea izango dela azaldu zuten plataformatik: «Ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko, eta Iruñeko Udaleko plenoan aurkeztuko dugu dekalogoa», adierazi zuen erasoen kontra eginiko planteamenduaren inguruan. Atzo bertan aurkeztu zuten udalbatzaren aurrean.

Prentsaurrekoa Iruñerriko zein kanpoko jendeari zuzenduta amaitu zuten, jaiak jai moduan ospatzera gonbidatuz, eta lortutako guneari bere balioa emanez: «Bizi eta gozatu jai hauek Euskal Herriko bihotzean. Sekulako urratsa egin dugu. Zuon guztion garaipena izan da. Gozatu eta ongi pasa. Aurten bai! Lortu dugu!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo