UDATE
Sortuko Patricia Perales eta Peio Martinez de Eulate ez dira prozesioan izanen
GARA |
Sortuko Iruñeko zinegotzi Peio Martinez de Eulatek eta Patricia Peralesek sanferminetako prozesioan ez dutela parte hartuko iragarri dute [ikus beren gutuna 9. orrialdean].
Herritarren ordezkari diren heinean, erlijioarekin loturiko ekitaldietan parte hartzeko derrigortasuna zalantzan jarri nahi dute. Era berean, eztabaidagai zaila dela onartzen dute: «Prozesioa ekitaldi erlijiosoa baino gehiago da eta ilegalizazio garai gogorren ostean, gure presentzia borrokaz konkistatutako espazioa dela ulertzen dugu».
Honela, Bildu koalizioan bertan ikuspegi desberdinak daude, eta Eva Arangurenek (EA) parte hartuko duela iragarri du. Sortuko kideek, aldiz, euren parte hartzea lekuz kanpo ikusten dute: «Udala bezalako erakunde publiko batek ekitaldi katoliko bat antolatzea guztiz anakronikoa da». Eremu publikoa praktika erlijiosoetatik bereizi behar dela azpimarratu dute.