UDATE
Harri artean berrogei urtez gorderik egona
Gabriel Arestiren «Harrizko herri hau» lanaren jatorrizko eskuizkribua poetaren alargunaren eskuetan jarri zuen atzo Arantzazuko Anaiarteak. Omenaldian, Arantzazu eta euskal idazlearen arteko harreman berezia ekarri zen gogora.
Amaia GARTZIA
Euskal Herrian euskararen gordailu gisa erreferente den Arantzazuko liburutegiak bere «altxorrik preziatuena» entregatu zuen atzo. Gabriel Arestiri egindako omenaldi xumean, haren alargun Meli Estebani «Harrizko herri hau» liburuaren jatorrizko testua eman zion Arantzazuko Anaiarteak, euskal gizarteari egingo zaion mesedea aintzat hartuta, eta balio handia duen liburuaz banantzeak sortzen duen «penaz». Berrogei urtez «kariñoz» gordea. Horrela egon da denbora horretan zehar Arantzazuko Anaiarteak zaindutako Gabriel Arestiren jatorrizko eskuizkribua. Goxo, Arantzazuko Santutegiko harrien artean, euskal poetak maiteen zuen txokoan, bere hitzetan, «zerutik hurbil» dagoen Arantzazun. Atzo arte; Meli Esteban haren alargun hunkituak Gandiaga Topagunean egin zen omenaldian jaso baitzuen, idazlearen obra osoa bateratu eta gizartera emateko asmoarekin.
Balio handiko zerbait ematen den eskualdatze orotan bezala, mutur ezberdinak dituen sentimenduen sokan, anaidiak tristuraz entregatu zuen liburua, alargunak senarrak hain maite zituen frantziskotarrei «bihotzez eskerrak» ematen zizkien bitartean. Hunkituta agertu zen Esteban, eta lana horren egoera onean mantentzeagatik ere eskerrak eman zituen: «Mila esker denei, familia osoaren partez». Familiari liburuaren berri eman zien Mikel Aierberentzat ere izan zuen hitzik: «Bera gabe ezin izango genukeen gauzatu».
Iñaki Beristainek, Joxe Mari Arregik, Pello Zabalak eta Pablo Agirrebaltzategik, Arantzazuko Anaiartearen izenean, aurkeztu zuten jendaurrean liburua, Esteban alarguna ondoan zutela. Eskuizkribua «gogo onez baina penaz» eskualdatu zuten ekitaldian, Arestik Arantzazurekin izan zuen harreman estua argitu zuten, eurentzat «altxor preziatua» izan den liburuxka bertan uzteko arrazoiak zeintzuk izan ziren aipatuta.
Enrike Villar, Lur argitaletxeko zuzendariak, eraman zuen Arantzazura, Arestiren eskuz eta letra txukunaz, orri laukitxodunen artean «Harrizko herri hau» gordetzen zuen koadernoa. Zaintzeko enkargua hartuta, bertan inon baino seguruago izango zela pentsatu zuen. Mikel Aierbe, Meli Estebanekin batera ekitaldira gonbidatutako literatur adituak, topatu zuen arte. «Egia esan, beste zerbaiten bila ari nintzela azaldu zitzaidan eskuizkribua», aitortu zuen Aierbek atzo.
Arestiren beste lan batzuez gain, hauxe ere ikertzen ari da Aierbe, argitaratu zen bertsioarekin alderatuta eskuizkribu honek eskain ditzakeen berritasunak aztertu nahian: «Hain garbi eta hain xehe idatzita dago, non mekanografiatu aurreko garbira pasatako alea dirudien». «Harrizko herri hau» honetan, orobat, Arestik «Euskal Harria»-ko hainbat poema zentsuratu gehitu zituela azaldu zuen Aierbek, eta idazleak gaztelaniaz argitaratzeko nahia ere izan zuela, baina presa zela medio lehenengo argitalpen hura ez zen legala izan.
«Aurkikuntza» egindakoan, idazlearen familiari horren berri eman behar ziola pentsatu zuen, hain zuzen, familia poetaren lanen corpus bateratua egin nahian dabil-eta: «Ez nekien ze neurritaraino zekien familiak hau hemen egon zitekeela», aitortu zuen Aierbek. Bestalde, liburuaren balio «gehienbat afektiboa» azpimarratu zuen, lekukotasun ugari dituela-eta.
23 urte zituela, ordurako «harreman handia» zeukan Arestik Arantzazurekin. Hori, gehienbat, orduko fraide eta idazle Joxe Azurmendi, Kepa Enbeita eta Jose Goitiarekin izandako adiskidetasunak eragina zen, Agirrebaltzategik azaldu zuenez, elkarri bidalitako gutunek erakusten dutenez. Arestik maitekiro «Joxepe» esaten zion Azurmendi, ordea, ezin izan zen ekitaldian egon, kanpoan zegoela-eta, baina goraintziak bidali zituen familiarentzat eta fraideentzat. Laguntasun horren lekuko, «Herri eta harri» liburuan Azurmendiri berari dedikatutako hiru poema badirela ekarri zuten gogora.
Adiskidetasunak alde batera utzita, Arantzatzu euskal gune oso garrantzitsu eta abertzaletzat zuen Arestik. Berriz ere gutunak lekukotzat hartuta, bera eta Azurmendi Arantzazun bertan zeudela, lehenengoak azken honi diktatu zion zina irakurri zuen Abalantzategi frantziskotarrak, Arestiren Ameriketako lagun bati idatzia: «Gauza bat zin egiten dut Arantzazuko Amaren aurrean, eta nere bi alaben ohorearen aurrean, abertzalea naizela buruko puntatik behatzetaraino (...) Nerean eta nere herriarenean biba Euskal Herria libre. Arantzazun, 1963, martxoak 17».
Omenaldia amaitzeko, Arestirekin oso harreman ona zuen Bitoriano Gandiaga poetaren «Gabriel Arestiren aitormenetan» olerkia irakurri zuen Pello Zabalak, biek elkarrenganako zuten miresmena aipatuta. Azurmendirekin eta gainerakoekin izan zuen harremanaren aldean ezberdina izan bazen ere, biak prozesu bertsuetatik igaro ziren. Hala, bi poetak poesia sinbolista batekin ekin zioten idazteari, eta kritikak zirela eta, esperientzia txarra izan zuten beren lehen lanekin, ia erretiratzera bultzatu zituena. Ondoren, biak ere, poesia sozialera igaro ziren.
Atzoko emate horrekin «Arantzazuko liburutegiak galdu, baina bestalde, gizarteak irabazi» egiten duela nabarmendu zuen Iñaki Beristainek Anaiartearen izenean. Horrez gain, duten «altxor garrantzitsu»ari, alegia, ehundik gora inkunableei ere egin zien aipamena Beristainek, duela gutxi Gipuzkoako Aldundiaren lanari esker digitalizatuak.
Mikel Aierbe literaturan adituak eman dio Aresti sendiari 40 urtez toki berean gordeta egon den eskuizkribuaren berri. 1970ean argitaratutako liburua Arantzazuko Artxiboan egon da editoreak orduko artxibozain Koldo Zubizarretaren eskuetan utzi zuenetik. Sorkuntza prozesua testu lekukotasunen bidetik aztertzen ari da bere tesian eta lan horretan ari zela topatu zuen Aierbek: «Beste aro batzuetan testu izkribu asko harat eta honat ibiltzen ziren eta beste zerbaiten bila ari nintzela iritsi zitzaidan eskuizkribu honen berri».
Arestiren inguruko ikerketetan aipatzen ez zen lekukotasun bat izateak harrituta, artxibategian gordeta egon den liburua kokatu eta aztertzen hasi zen. Arantzazun egonda ere, ikerlarien oso eskura ez zegoela iruditzen zitzaion eta, jada argitaratuta egonik, batez ere «balio afektiboa» zuen altxor horren berri familiari eman behar ziola: «Meliri berari dedikatutako poema bat dago».
Gabriel Aresti Kultura Elkarteak poetaren lanak bateratzeko asmoaren berri duen arren, kasu honetan bakarrik izan da Aierbe lana eta familiaren arteko bitartekari. «Azkenean gurutzatu diren bi bide paralelo» hauei esker Gabriel Arestiren obra hobeto ezagutz