GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Jon GARMENDIA, Idazlea

Haizeren bidea

 
 

2010eko maiatzaren 5ean sortu zen Haize, Mikelen eta Noraren semea. Bederatzi hilabete luze bere zain, eta etorri zen lehendabiziko eguna egin zitzaien luzeena beharbada gurasoei. Zorionarekin zorigaitza elkartu zelako. Garun hemorragia, arnas gelditzea, besoko haustura bikoitza... horiek izan ziren Haizek mundu honen eskutik jaso zituen lehen opariak. Ospitaleko egonaldia, eta haranzko joan-etorriak hasi ziren gero. Gaixotasun genetiko bat daukala jakin zuten honela, baina diagnostikatu gabeko eritasuna dela ere bai. Ez da haur arrunta Haize, berezia baita gurasoen begietara, hasteko, haien maitasun infinitoaren jabe da. Kinesitherapie, ergotherapie, orthoptie... beharrezkoak ditu zentzuak iratzarri eta garatzeko, guri ulertezinak egiten zaizkigun hitzak dira horiek, Haizek daki zer sentiarazten dioten. Eta batez ere zer onura ekartzen dioten. Zailtasunez betea dago Haizeren bidea, eta halatsu Mikelena eta Norarena. Mikel orexarra da, baina urte luzeak dira sorterria utzi zuela, eta ez du itzultzerik, ez eta beste herrialdeetara joaterik medikuen laguntza eske. Ekonomia arloko zailtasunak biderkatu egin dira, eta horien emendatzeko duduak egiten dituzte eta saltzera ematen, lotarako panpintxoak, esnatu behar duen haur bati laguntza emateko. Bihar, Azkainen jarriko dituzte salgai goizeko hamaiketatik aurrera. Panpin batek nehoiz gutti gorde du bere barnean hainbeste maitasun eta itxaropen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo