Xinjiangeko gatazkak Txinaren politika etnikoaren porrota agerian uzten du
Xinjiang herrialdea tentsio larrian bizi da, duela lau urte 200 lagun hilik utzi zuten istiluen urteurrenean, eta joan den astean ere 35 hildako izan ziren etnien arteko borroketan. Uigurren herrialdeko gatazka horrek Txinaren politika etnikoaren porrota islatzen du.
GARA |
Txinako Gobernuak lurralde-eredua saltzen du, uigur musulmanak eta etorkin txinatarrak -han etniakoak- bizikidetza ona dutela Alderdi Komunistaren banderapean. Alta, joan den astean Xinjiang herrialdean dozenaka hildako utzi zuten istiluak ez datoz bat irudi horrekin.
Ramadana hastear dagoenean, erdi basamortua den lurralde handi honetan -Estatu frantsesaren hedadura hiru bider- tentsio handiko giroa bizi dute, gaur Urumqin, herrialdeko hiriburuan, duela lau urte gertatutako jazarraldien urteurrena delako. Gainera, joan den astean 35 pertsona hil ziren istiluetan, agintariek «eraso terroristatzat» jo zituztenak.
Urumqin, 2009ko uztailaren 5ean, han etniakoen -txinatar etnia nagusia- eta uigurren -turkiar jatorriko musulmanak- arteko borrokak izan ziren, iraultza kulturala izan zenetik (1966-76) larrienak, eta 200 pertsona hil ziren.
Txinako Konstituzioak jasotzen duenez, herrialdean bizi diren gutxiengo zenbatezinak nazioa osatzen duten zatiak dira. Adituen arabera, ostera, bere estatutu bereziak -berez bazterkeria saihestekoa- administrazio zentralarekiko etsaitasuna suspertzen du.
Duela hainbat mende Txinak bere agintea ezarri zuen Xinjiangen, Erdialdeko Asiako turkiar jatorriko herrien pareko kultura eta hizkuntza duena.
Garai batean, Pekinen eta herrialde urrunen -inperioaren «marka» zirenak- arteko harremanak nahiko malguak ziren. 1949an, komunistak boterera iritsi zirenetik, aldiz, zorroztu egin ziren. Esaterako, txinatar guztiek aldean izan behar duten nortasun agirian zein etniakoak diren agertzen da.
Etnien arteko borrokak
Konstituzioak «chauvinismoari aurre egitera» deitzen du, «han etniaren chauvinismoari» eta «chauvinismo lokalari» batez ere, baina identifikazio etnikoak, gutxiengoen eskubideak aitortzeko pentsatua, hasierako asmoaren kontrakoa lortu du.
«Oinari tiro egin diote etnien identifikazio automatikoarekin», adierazi du Reza Hasmathek, Oxfordeko Unibertsitateko Txinako adituak. «Horrekin, alderdiak etnien arteko borrokak suspertu baino ez ditu egin», gaineratu du.
Azken hamarkadetan han etniako milioika txinatar iritsi dira Xinjiangera, eta etnia nagusia bilakatu da natur baliabide ugari dituen lurralde horretan. «Enplegu gaituak eta ondo ordainduak betetzen dituzte, bankuetan, zerbitzuetan eta administrazio publikoetan», nabarmendu du Reza Hasmathek.
Erradikalizazioa
Bazterturik, uigurrek ezin dute lehiatu han biztanleen sare sozial indartsuekin eta, gero eta bakartuago daude beren nortasun kultural eta erlijiosoan. Gainera, uigurreraren kalterako, txinera da eskolan nagusi eta unibertsitaterako zubi bakarra.
«Horrela erradikalizatu egin dira belaunaldi batetik bestera», nabarmendu du Hasmathek.
Hong Kongeko unibertsitatean Txinako politikan aditua den Willy Lamek dioenez, «Tibeten bezala, Gobernua saiatu da uigurrak `txinatarrago egiten'» eta edozein gizarte adierazpen Pekinen aurkako erasotzat jotzen du.
Agintarien ustez, «terrorismoaren, erlijio-estremismoaren eta separatismoaren aurkako erronka hirukoitza da», prentsa ofizialean behin eta berriro agertzen denez.
Joan den astelehenean diskurtso ofizialak adierazi zuen indarkeriak ez zuela zerikusirik hanen eta uigurren arteko «gatazka etnikoarekin» eta «terrorismo ekintza hutsak» zirela baieztatu zuen.
Hitz horiekin «neurri gogorrak justifikatzen dituzte» eta «Xinjiangeko gizarte eta kulturako ordezkariekin elkarrizketa izateko politika txinatarrak duen ezintasuna zuritzen dute», azaldu du Willy Lamek.
Uigurrek mesfidantzaz begiratzen dituzte herrialdean diren segurtasun neurri gogorrak, meskiten inguruko polizia zaintza eta komunitate musulmanaren jardueren kontrol zorrotza.
Agintariek joan den asteko istiluak eragin zituztelakoan, 11 pertsonaren izenak argitaratu dituzte. Aldi berean, komunikabide ofizialek uigurren separatismoaren aurkako «erantzun ausart eta izugarria», eskatzen dute.
Poliziak hamar eguneko epea eman du jendeak aizto «arriskutsuak», armak eta «propaganda terrorista» bere esku uzteko. Bestela, zigorrak jasoko dituztela ohartarazi du.