Nobel Pitch: nola azaldu aditu bati zure lana bost minutuan
Joan den astean Zinemaldia izan zen; honetan, aldiz, zientzia jaialdia. Astelehenean hasi eta igandera arte, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) antolatutako «Passion For Knowledge» ezagutzarekiko pasioa hedatzen ari da lau hiriburutan, Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian, puntako gonbidatuekin eta ekintza bereziekin. Hona adibide bat.
Maider IANTZI | DONOSTIA
Ion Errea doktoratu osteko ikertzailea da Fisikan, Pierre et Marie Curie Unibertsitatean, Parisen. Bertze hamabost zientzialari gazteren gisan, bere proiektua Nobel saridunei azaltzeko aukera izan zuen atzo Donostian, Nanogunen, aste honetan egiten ari diren Passion For Knowledge Quantum13 jaialdiaren barrenean. Puntako adituen aitzineko aurkezpena berez zen erronka handiari bertze zailtasun puntu bat erantsi zioten: denbora gutxi izan zuen bakoitzak hain lan konplexu eta zehatzen berri emateko eta inbertitzaile izan daitezkeenak konbentzitzeko. Bost minutu soilik!
Horregatik, komunikazio teknika azkarrak baliatu behar izan zituzten Nobel Pitch izeneko tailer honetan. «Elevator pitch» teknikan oinarritzen da, galdera batean alegia: nola kontatuko zenioke Nobel saridun bati zure lana, berarekin igogailuan suertatzen zaren tarte horretan?
11.00etan jarri zuten hitzordua Nanoguneren eraikin ederrean eta, deus baino lehen, kafea eta pastak hartu zituzten. Sustatzaileek adierazi zutenez, herrialde ugaritatik etorritako ikertzaileek elkar ezagutzea zen ideia. Katiluak banatu ahala joan ziren sortzen jendez osatutako borobil txikiak, euskaraz, gaztelaniaz eta bereziki ingelesez mintzatzen zirenak. Eta behin lehendabiziko kontaktua eginda, hitzaldi aretoan barneratu ziren denak, hamasei gazteak (Biologia, Fisika eta Kimikan doktoratu ostean ikertzaile direnak), entzuleak eta lau Nobel saridunak, aurreneko lerroan adi-adi jarri zirenak: Dudley Herschbach (oinarrizko prozesu kimikoen dinamikari egin dio ekarpena), Claude Cohen-Tannoudji (atomoak laser izpiekin hozteko eta harrapatzeko metodoak garatu ditu), Jean-Marie Lehn (selektibitate handiko elkarrekintza molekulak garatu eta erabili ditu) eta Aaron Ciechanover (proteinen degradazioa abiarazten duen markatze prozesua aurkitu du).
Arbela, PowerPoint-a, eskuak
Hiru elementuok erabili zituzten gazteek, hitzekin batera, adituei ze ikerketa egiten ari diren transmititzeko. Pedro Miguel Etxenike DIPCko eta jaialdiko lehendakariaren sarreraren ondotik, Ander Matheu (Ikerbasque, Biodonostia Institutua) hasi zen, minbiziaren eta zahartzearen loturen gaineko azterketaren nondik norakoak azalduz. Bere gibelean, erloju handi bat, tenperaturarekin batera minutuak markatzen, zorrotz. Bost minutu eta Nobelen ekarpen eta galderak, eta horrela hamasei aldiz. Ion Errea hamabigarrena izan zen eta tailerra bukatutakoan kontatu zuenez, sintesi esfortzu hagitz handia egin behar izan zuen, hauek ze ikerketa zehatzak diren eta aurrean dituztenak zeintzuk diren kontuan hartuta. «Oso adituak dira, baina agian zure gaian ez. Hala ere, hain buru distiratsua dute... Ahalegin handia egin behar da bost minututan azaltzeko eurek ulertzeko moduan zeintzuk diren zure helburuak». Paperik gabe ausartu zen eta urduri hasi arren, gero lasaitu eta ongi aritu zen. Sumatzen zen buruan argi zuela zer erran nahi zuen.
Garrantzitsua iruditzen zaio zientzialari euskaldunari solasean eta azalpenak ematen trebatzea. Benetan polita izan zen berarentzat ekitaldia, eta ez hori bakarrik, kontent dago aste osoko ekimenarekin. «Joan den astean Zinemaldia izan genuen; honetan, zientzia jaialdia. Atzo [herenegun] Victoria Eugenian jendetza bildu zen eta ederra izan zen ikustea zientziak jendea erakartzen duela».
«Ezagutzarekiko pasioa» du izena jaialdiak eta Ion zerk emozionatzen duen galdetuta, erantzun zuen berak materialen propietateak aztertzeko metodoak garatzen dituela eta pasioa sentitzen duela, baina bertze gai batekin arituko balitz ere hala izanen litzatekeela. Azken batean, «jakintza sortzea» da betetzen duena, «gauzak deskubritzea». Zientziaren jakintza garatzeko prozesuarekiko pasioa da berea.
Kolaborazio izugarri batekin jakintza unibertsala sortzen dute eta horrekin, garapen industrial eta zientifikoa, baita iraultza ere. Jaialdian oroitzen duten duela ehun urteko Bohr-en eredu atomikoaren jaiotza horren erakusgarri da.
Astelehenean Donostian egin zuten topaketa ikasleekin, gaur Gasteizen txanda izanen da eta bihar Bilborena. DBH eta Batxilergoko ikasleek Nobel saridunei galderak eginen dizkiete.
Zientzia etorkizunerako ongizaterako giltzarria eta aitzinera egiteko motorra dela nabarmentzea du xede Passion for Knowledge jaialdi poliedrikoak. Manex Urruzola prentsako kideak agertu zuenez, poliedrikoa da publiko desberdinentzako ekitaldiak barne hartzen dituelako (badira irekiak, DBH4 eta Batxilergoko ikasleei zuzenduak, komunitate zientifikoentzakoak eta ikertzaile gazteentzakoak, atzoko tailerra bezala), bai eta aldi berean Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean egiten ari delako ere. Egitarau mardulena ostirala arte izanen da eta denetarik dago: hitzaldiak, antzerkia, topaketak... Puntako gonbidatuak etorri dira; bertzeak bertze, Rafael Yuste, Obamak babestutako Garun Jarduera Mapeatzeko Proiektuaren burua. Bilboko Bizkaia Aretoan emanen du hitzaldi irekia, gaur 19.00etan.