Ariane Kamio Kazetaria
Betaurreko berberen atzetik
Euskaldun oro elkartu arte ez dugu ezer lortuko». Etengabeko errepikan ibili izan da esaldi berbera azken urteetan. Batasunaren beharra, indar metaketa, elkartasuna... Utopia itxura hartu dute halako esamoldeek denboraren igaroan.
Herriraren aurkako polizia operazioa arnasa eteten duen kolpe lehorra izan da, bularraren erdi-erdian emandakoa. Gupidarik gabeko ziztada maltzurra, indarkeriarik gabeko oinarrian berreraiki nahi den indarkeria faltsua. Antza, ETA «olagarroa» da oraindik eta Herrira bere «tentakuluetako bat». Giza eskubideak defendatzea auzitan.
Operazioaren biharamunak ajea ekarri du. Nekatuta esnatu gara, buruko minez, lo zailetik esna. Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok Batzar Nagusietan keinua EAJri. Gipuzkoa eta Euskal Herria elkarrekin eraikitzeko gonbidapena. Eskua luze «herri gisa erantzuteko» eta alderdiko interesak albo batera utzi eta etorkizunari elkarrekin begira jartzeko.
Bezperan ere jaso zuen Iñigo Urkullu lehendakariak beste ohartarazpenik. Jesus Eguigurenek argi eta garbi: «Arduraz jokatzeko» eta «neurriak hartzeko» Lakuari.
Erantzuna Markel Olanok eman zuen Batzar Nagusietan. «Konfiantza apurtu da» Bilduren «konfrontazio» jarreragatik. «Zubi guztiak puskatu izana» egotzi zion.
Auzitegi Nazional espainolak hemezortzi euskal herritarren aurka agindutako atxiloketez gain, Ertzaintzak Amalur Mendizabal Amaiurko senatariaren aurka izandako jarrera oldarkorrak izua eragiten du, Guardia Zibilaren presentziak gure herri eta errepideetan sortzen duena bezalakoxea.
Bart gauean, lo zail horretan sartu aurretik, Twitterren hala zioen @aranagoiri-k: «A ver Urkullu, bárreme el suelo ético que lo tengo perdido de pelotas de goma». Euskaldun oro elkartzea irtenbide balitz, egon gaitezen denok betaurreko berberen atzetik begira. Azken txio bat amaitzeko. Baina hau Igor Elortzarena (@ielortza): «Jaurlaritzak ezin du bakearen alde `egon', bakearen alde `egin' behar du». Eta ez zaio arrazoirik falta. [@arianekamio]