Mikel Aramendi Kazetaria
Bibi oso haserre dabil
Bi aukera zeuden Estatu Batuentzat: egurraren politika antzu bezain garestia (baina Israelen komenentziakoa) berriro hobestea edota aspaldian bazter emanda zeukaten diplomazia (distirarik gabea, baina merkea) berrabiaraztea. Bigarrena aukeratu dutela ematen du
Kafea hartzeko sartu-irtena egiteko aproposa zen atzo eguartean Israelgo lehen ministroa, Kanpo Arazoetako ministroa eta Herri Arazoetako eta Diasporako ministroa den Benjamin Bibi Netanyahuk -Dominicako lehen ministroaren atzetik eta Togoko lehendakariaren aurretik- Nazio Batuen Erakundearen Asanblada Orokorraren aitzinean egin zuen hitzaldiak iraun behar zuen ordu laurdena. Hark esan beharreko guztia jakintzat eman beharrekoa zelako ez ezik, aurreko egunetan denek behin eta berriz entzuna zutelako ere bai.
Hala ere, iruditzen zait kasu honetan, hizlariari arbuio egiteagatik kanporatuak salbu (horrelakoak ere izaten dira eta), gainerako ordezkari guztiak aretoan geratu zirela, besteak beste Netanyahuk baino lehentxeago Vatikanoko eta Ipar Koreako ordezkariek hitz egiten zutelako, eta haiena aditu beharrekoa ez ezik, asmagaitzagoa ere izaten delako. Izan ere, haserre, oso haserre dabil Bibi, eta kasu egin nahi izan dioten guztiei bere ernegazioa adierazten saiatu da Estatu Batuetan daraman astebete honetan. Obamari ere bai, noski, herenegun. Haserrearekin zerikusi oso zuzena duelako.
Irailaren hasieran, oso baikorra zirudien panoramak Israelentzat: Egiptoko estatu kolpe militarra asentatzen ari zen; arma kimikoen erabilpena zela-eta ezinbestekoa zirudien Estatu Batuen esku-hartzea Siriako gerran; Iran inoiz baino isolatuago zegoen... Lau aste hauetan alderantzikatu egin dela ematen du, ordea: Siriaren aurkako eraso estatubatuarra ad calendas graecas geratu bide da, Lavrov, Kerry eta Al-Assad beraren artean antzeztu diguten komeria luze baten ondoren, zer gertatu den deus argitu gabe baina Siriako gerra zibilean zer gertatuko den nahiko geratzen delarik, arma kimikoen paraderoaz haratago; Rohani, Irango lehendakari berriak eta Obamak, bestalde, inor gutxik espero zuen hurbiltze kinada egin dute zuzenean telefonoz hitz eginez...
Beste askotan bezala, ezer ez eta festa izan daiteke hau guztia, baina mundu osoa adi ipini da... eta Bibi oso haserre. Bere susmorik ilunenak betetzen ari direlako. Rohanik Irango hauteskundeak irabazi zituenean, Mendebaldeko zoriontasuna amatatzen saiatu zen Netanyahu: bildotsez mozorrotutako otsoa, Ahmadinejad bera baino gaiztoagoa, omen zen Rohani. Eta ez zitzaion arrazoirik falta Bibiri, bere ikuspegitik: Irango politikagintzan eskarmentu handienekoa izateaz gain, herrialde haren ahalegin nuklearren ezagule (eta, agian, diseinatzaile) nagusietakoa zen Rohani... Estatu Batuak amua irensten ari direla pentsatzen du Netanyahuren Gobernuak.
Litekeena da. Baina benetan interesatzen zaiolako ari da «amu» hori irensten Obamaren Administrazioa. Arabiar Udaberriaren inguruko itxaropenen porrot estrategikoaren ondoren, bi aukera zeuden Estatu Batuentzat: egurraren politika antzu bezain garestia (baina Israelen komenentziakoa) berriro hobestea edota aspaldian bazter emanda zeukaten diplomazia (distirarik gabea, baina merkea) berrabiaraztea. Bigarrena aukeratu dutela ematen du.
Beharbada, egunen batean idatziko da irail honetan gertatu bide den guztia.