GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Fito Rodriguez Idazlea

«Billy the Kid»

Bortxa, alde batetik. Hitza, bestetik. Zuzenbide Estatua giza eskubideetatik bereizita. Horrelakoa zen frankismoaren muina eta horrelakoa da, egun, frankismo eboluzionatua

Franco hil ondoren atxilotu ninduen Billy el Niño deitzen genuen polizia beldurgarriak. Etxean batzuk genituenez, «quien es Fito?» oihukatuz sartu zen gelan eta, egia esanda, besteek ezer esan ez arren, ez zidan batere graziarik egin hark bilatzen zuen hura ni nintzela aitortzeak.

Trantsizioaren garaia zen, 1976an amnistia eskatzeko ahaleginak eta bi ari ziren antolatzen espainiar Estatuaren lau izkinetatik, eta guk, presoak askatzearen alde, kartzela ihesa burutu berri genuen Segoviatik hanka egiteko baina harrapatu gintuzten... harrapatu ninduen hark.

Itaunketen istorioaren gorabeherak ez ditut orain kontatuko, ez baitu merezi.

Dakienak badaki eta ez dakienak ere bai, jakin nahi ez arren.

Sutan jartzen zen gizona -horrela deitzeak piztiarengandik gizakiengana doan eboluzioa onartzeko besterik ez bada ere- Amnistiaren gaiarekin. Zer uste ote genuen, zioen, «frankismoa bukatzen ari zela edo... eta nik, zer esango? Ahalik eta gutxien, noski, zeren, badakizue, «esaten duzun dena zure kontra erabil daitekeen zerbait bihurtzen da eta».

Halere, ez nuen uste nik, urteak pasa ondoren, guk borrokatutako amnistiaz baliatuko zela basanimalia, niri bezala beste askori orduan emandako tratuagatik beraren aurka jarritako salaketa gainditzeko. Bueno, Auzitegi Nazionalak dio oraindik «ikertzen ari direla» eta, beraz, ezin dutela atxilotu.

Atxilotu dituzte, ordea, Herrirako lagunak, Auzitegi Nazional espainiarrera deklaratzera joateko aukerarik eman gabe, «Gestoras pro Amnistiaren» jarraitzaileak izateagatik, hitz egin baino zaunka egiten duen Barne ministroaren esanetan (eboluzioa ez da beti behar bezala gauzatzen).

Baina trantsizioa bai, gauzatu zen, frankistek guk borrokatutako amnistiaz baliatu ahal izateko, besteak beste.

Frankismoak berak eboluzionatu egin du. Orain, bistan da, demokratak omen dira orduko faxistak. Eta demokrazia eta amnistia eskatzeagatik jazarriak izan ginenok igual segitzen dugu, lehen bezain ezeztatuta gaude, ez baitugu, nonbait, behar bezala eboluzionatu espainiar bilakatzeko.

Frankismo eboluzionatua baita indar errepresibo guztiak batera aritzea giza eskubideen defentsan aritzen direnen aurka.

Frankismo hutsa delako herri ordezkariak nahita jipoitzea (besarkada bat hemendik Amalur Mendizabal senatari txit goren horri).

Frankismoarekiko kolaborazionismoa da espainiar Gobernuak daraman bortizkeriari men egitea eta, okerragoa, duela bi urte garaitua izan gabe armak utzi dituen ETA erakundearen agiri batekin parekatzea.

Bortxa, alde batetik. Hitza, bestetik. Zuzenbide Estatua giza eskubideetatik bereizita.

Horrelakoa zen frankismoaren muina eta horrelakoa da, egun, frankismo eboluzionatua.

Billy el Niño ezagutu genuenok «Billy the Kid» filma ikusita genuen, baita John Forden «Stagecoach» (Diligentzia) deritzana ere, non bidaian dabilen jende talde batek suertatzen zaizkion arrisku eta bortizkeriaren aurrean nahiago duen, bere interesak babesteagatik, arerioarekin bat egin, beraiekin doan eta duintasun aski daukan fama txarreko neskatila alboratuz eta zapalduz.

Guy de Maupassanten ipuin batean oinarrituta dago filma eta badu beste bertsio bat frantsesez, «Mademoiselle Fifi» izenekoa (1944), zeinean agerian geratzen den jende printzipalaren kolaborazionismoa Frantzia okupatuan. Haien laguntzarik gabe, jakina, ezin izango zituzten naziek frantsesak azpiratu.

Frankismoaren nazismoak kolaborazionismoagatik irauten du. Billy el Niño kalean harro eta «Gestoras pro Amnistiaren» egungo jarraitzaileak atxilo, eta nola... dakienak badaki eta ez dakienak ere bai.

Justizia interditaren erresuman bizi gara. Quousque tandem?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo