GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Langileek dakitena, patronalak kontatuta

Adegiren arduradunek atzo esan zutenez, gordina da egoera ekonomikoa. Ez diete halakorik esan behar ekonomian aditu izan gabe aspalditik egoera hori beren larruan jasaten duten milaka langile eta langaberi, haietako batzuk etekinak izan arren itxitako enpresetako langile ohiei. Epe labur eta ertainean ez dela sumatuko suspertze ekonomikoa ere esan zuen Adegiko presidenteak, ez baita enplegurik sortuko. Eta sortuko balitz ere, eta sortzen denean ere, nolakoa izan behar duen iradoki zuen: atzeralditik lehenbailehen ateratzeko produktibitatea handitu behar omen da, baina lan kostuak igo gabe: «gehiago eta hobeto lan egin», baina soldatei eutsita. Eta EAJren eta PSEren arteko ituna begi onez ikusten duela esanda, enpresei zergak igotzea ekonomia suspertu eta enplegua sortzeko kaltegarria dela esan zuen.

Horrela ulertzen dute «denen» sakrifizioa. Denen sakrifizioa, agidanez, patronalaren neurriko lan erreformak dira, horregatik aldarrikatzen du Adegik «enpresaburuen eta langileen arteko akordioa», aldi berean sindikatuen eta enpresaburuen arteko giro «gaiztoa» deitoratzen badu ere, berak -enpresei Madrilgo lan erreformaren araberako negoziazioa baino ez onartzeko eskatzen dien berak- giro «gaizto» horrekin zerikusirik ez balu bezala. Ekonomian aditu ez diren langile eta langabe askok badakite, halaber, zer den azal lodia, hori ere jasan behar dute eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo