GARA > Idatzia > Kultura

Klandestinitatea hartu du ardatz Joxean Agirrek «Adiskide bat nuen» azken eleberrian

Agirrek fikzioari heldu dio berriz lan honetan, eta egilearen ibilbidean ohikoak diren gaiak ez ezik, idaztean dituen bere ezaugarriak ere agertzen dira bartan, hala nola, hizkuntza jolasti-dotorea eta ironia.

p048_f01_98x97.jpg

GARA | DONOSTIA

Donostiako Elkar aretoak hartu zuen argitaletxeak berak plazaratu berri duen Joxean Agirreren azken lanaren aurkezpena, «Adiskide bat nuen».

Hainbat gai txirikordatzen dira Agirreren nobela berri honetan, batzuk egilearen narratiban ohikoak direnak (obsesio bihurtzeraino, kasik), eta beste batzuk orain agertzen direnak lehenengoz edo indar handiagoz: talde politiko klandestino baten barrunbeak modu aski fantastikoan kontatuak; norbere itxura eta are izaera ere hartzen duen doblea; desira eta jelosia; emakume ezezagun baten mirestea... Donostia eta Venezia artean kokatzen da eleberria, kapitulu laburretan zatitua, narratzaile eta protagonista den gizonezko heldu baten ahotsean lauzpabost hari aldi berean garatuz, idazlearen marka diren ezaugarriekin: hizkuntza jolasti-dotorea, etengabe irribarrea pizten duen tonu ironikoa, erotismo bizizale eta sentsuala.

Klandestinitatea

Klandestinitatea zergatik hautatu duen ardatz galdetuta, «Egin» eta GARA egunkarietan erredaktore izana den idazle azpeitiarrak honela erantzun zuen: «Gure belaunaldia markatu zuten gai batzuei heltzeko gogoa sentitzen nuen eta banekien klandestinitatearen gaiak izan behar zuela ardatza, asko markatu gintuen gaia izan zelako. Gure belaunaldia diodanean aspaldiko kontuez ari naiz, 68an gazteak ginen belaunaldi bati buruz, alegia. Laburtuz, esan dezagun erbesteari eta klandestinitateari buruzko kontakizuna dela nagusiki nobela eta gai nagusi hori jorratzeko adiskide biren arteko harremanetan oinarritu naizela. Esan dezadan bidenabar klandestinitatea berez dela gai oso literarioa, joko asko ematen duena».

Lan honen bidez fikzioari heldu dio berriz Agirrek: «Ez nuen militante baten biografia bat idatzi nahi. Literaturaren egitekoa beste bat da: errealitateari zirriztu batzuk aurkitzea, begiratzeko beste modu bat erakustea, batzuetan ihesbideak proposatzea, gordeleku bat... luze joko liguke kontu horrek».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo