GARA > Idatzia > Kultura

Azkainen izanen da gaur Fermin Mihura bertsolariaren hileta

KAZETA.INFO | BAIONA

Azkainek hartuko ditu gaur, 15.00etan, bertako seme Fermin Mihura bertsolariaren ehorzketak.

Bertsolari azkaindarra astelehen gauean zendu zen, eritasun dorpe baten ondotik, 67 urte zituelarik.

1980an Bertsularien Lagunak elkartearen sorreran parte hartu zen eta bospasei urtez taldearen lehendakari ere izan zen, Ernest Alkhat eta Txomin Ezpondaren ondotik.

Garai hartan bi liburu idazten parte hartu zuen: «Zahar hitz zuhur hitz» eta «Bertsularien artea». Bertsu jarriak «Herria» astekarian argitaratzen zituen «Fermin» izenarekin. Bere azken bertso saioa 2013ko apirilaren 3an Jean Louis Harignordoquy «Laka»rekin egin zuen Hendaian.

Bere bertso ezagunenen artean «Axularri» (1956an saritua), «Maritxu» eta «Hitz handia» (1960an sarituak), «Eskuara gure ama» (1960an ohorezko aipamena jaso zuena), «Zorionerat», «Munduko nere denbora», eta «Paristar baten kantuak» ditugu, besteak beste.

Jean-Louis Laduche Azkaingo auzapezak Mihura gizon «handia eta argia» zela nabarmendu zuen atzo, eta azkaindar guztiak berriarekin oso hunkituak zirela ere gehitu zuen.

Bertsotan

Etxeko eta lagunarteko giroaren eraginez hasi zen bertsotan, Jean Louis Harignordoquy Laka-k bultzatu zuela plazara. Ipar Euskal Herriko Mattin eta Xalbador eta Jon Lopategi bizkaitarra eredu izan zituen bertsolari honek zazpi aldiz parte hartu zuen Nafarroako txapelketetan (1985, 1986, 1987, 1988, 1989, 1990 eta 1991n) eta beste behin Lapurdikoan (1987).

Halaber, 1986an Euskal Herriko bertsolari txapelketan epaimahaikide izan zen. Berdin, duela zenbait urte, Urdiñarbeko bertso jarrien lehiaketetan.

Plazetan kantari ibili zen bertsolari askorekin, Xanpun, Laka, Mixel Xalbador, Ezponda, Alkhat, Mendiburu, Arrosagarairekin, baita egungo lapurtar gazteekin ere.

Artzain txakur txapelketetan ere bertso batzuk kantatzen zituen beti, izan Ipar Euskal Herrian izan Oñatiko azken haitadan.

Azkaindar preziatua

Fermin Mihura Azkaingo herrian oso preziatua zela ziurtatu zuen Jean-Louis Laduche auzapezak.

Alkateak gehitu zuen bertsotan aski berandu hasi zela eta ikastarorik egin gabe, hori bere argitasunaren adierazle zela erakusten zuelarik.

Azkaindar guztiak arras hunkituak direla ere baieztatu du. Urtero mikroetan komentatzen zuen Artzain Txakur Txapelketaren azken edizioan bere hutsunea sentitu zela ere ekarri zuen gogora, eritasunarengatik ezin izan baitzuen posible izan bertaratzea eta bere semearen eskutan gelditu zen.

1972an Gracie Etcheverryrekin ezkonduta, bi semeren aita zen Mihura bertsolaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo