ZURI-GORRIEN ORROAK
Hemezortzi txartel gorri
Aiert GOENAGA
Egun tristea izan zen astelehena, beltza. Hemeroteketan antzeko kronika asko ditugu, gehiegi, baina, hala ere, bat ez da sekula ohituko horrelakoetan geratzen den gorputzaldira. Ikusitakoak sortutako sentimendu talka zaila da azaltzen. Beste behin ere errealitateak fikzioa gainditu zuen.
Hemezortzi lagun deitu zituen epaileak, halaxe dio aktak, hemezortzi izan zirela txartel gorria ikusi zutenak. Hemezortzi lagunen orroak isilarazi nahi izan zituztela, tartean Beñatenak.
Ez naiz ari Athletic-ek astelehenean Granadaren kontra jokatu zuen partidu penagarriaz. Ez naiz ari bi eta hutseko triste horrek utzi zituen kronikez. Ez naiz ari deialdi horretan sartu ziren hemezortzi jokalariez. Beñatek ez du Etxebarria abizena eta ez da elastiko zuri-gorriarekin zelai erdian ikusi ohi dugun jokalaria. Epailea ere ez da Alvarez Izquierdo.
Beñatek Zarrabeitia du abizena eta zutabe hau behin eta berriz bete du bere orroez. Milaka lerro jantzi ditu kolore zuri-gorriz eta milaka ordu eskaini dizkio elkartasunari. Astelehenean, orroa horien atzean den pertsona isilarazi nahi izan zuten eta elkartasuna izan da erakutsi zioten txartel gorriaren aitzakia. Elkartasuna, Beñat, Fran, Jon, Sergio, Amaia, Nagore, Ekain, Imanol, Eneko, Jesus, Manuel, Jose, Ibon, Roberto, Ane, Eneko, Oscar eta Gorkari txartel gorria ateratzeko aitzakia. 2013aren hondarrean sartzear gara eta aurrera begira daudenen lana iraganeko teknikekin zapuztea da inpotentziaren erantzuna.
Beste behin ere argi geratu da batzuek partidu bat jokatu aurretik honen nondik norakoak idatzita izaten dituztela eta, honelako kasuetan gertatu ohi den bezala, epailea erosita zegoela. Baina bada faktore bat sekula kontrolatu ezin izango dutena eta oraingoan ere kontrolatzea lortu ez dutena; publikoaren erantzuna. Eta, noski, guk elkartasunari elkartasuna; hauxe baita gure estiloa. Bilbo, Gasteiz, Hernani, Azpeiti, Arrasate, Urretxu, Errenteria, Iruñea... kaleak elkartasun aldarriz bete ziren. Elkartasuna atxilotuei, elkartasuna etxekoei eta elkartasuna lagunei.Luze baino lehen hementxe izango ditugu zure orroak bueltan Beñat, luze baino lehen...
Bitartean entzun, entzun zaleak harmailetan zer ari diren abesten:
«Herritik sortu zinelako maite zaitu herriak...».