GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Formakuntza saiakera

Gipeskua, etorkizuneko izarrak lantzeko proiektua

Gipuzkoako jubenil eta kadete mailako pilotaririk onentsuenekin lanketa berezia egingo du Federazioak.

p045_f02_199x120.jpg

Jon ORMAZABAL

Herri eta auzo guztietako pilota eskola eta klubek egiten duten lan bikainaren osagarri gisa, herrialdeko pilotari afizionatu onenekin lan egiteko teknifikazio proiektu bat jarriko du martxan gaurtik aurrera Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Abuztuan zehar egindako hautaketa baten ostean, gehien nabarmendu ziren kadete eta jubenil mailako hogeitalau pilotarik prestaketa berezia izango dute, euren maila hobetzeko helburuarekin.

Teknifikazio proiektu honek bi ardatz izango ditu, teknikoa eta fisikoa. Frontoiko saioen jarraipenaz Iraitz Olaetxea lizartzarra arduratuko da, eta prestaketa fisikoaz, Unai Legarreta urnietarra. Lehena, Kirol Hezkuntza ikasketak bukatzear den Zazpiturri elkarteko pilotaria da, eta bigarrena, aipatu ikasketak amaituta, dagoeneko hiru denboraldi kirolari ezberdinen prestaketa fisikoaz arduratzen diharduen pilotari ohia.

Iraitz Olazabalek GARAri adierazitakoaren arabera, proiektu hau sortzeko ideia elkarteetan antzemandako gabezia baten ondoren sortu zen. «Jabetu gara, klub askotan arazoak izaten dituztela kalitatezko entrenamenduak osatzeko. Normalean, klubean maila oneko pilotari bakarra edo bi izaten dituzte eta kosta egiten da entrenamendu onak egiteko laukotea osatzea. Pilotariak inguruko klubetara bidaliz edo konpondu izan da arazoa orain arte».

Elkarte horietan, asko eta askotan boluntario bezala gainera, egindako lana inondik inora gutxietsi gabe, baliabide eskasiagatik ematen ez zaien prestakuntza eskaini nahi da proiektu honekin. «Klubei laguntza bat emateko asmorekin egindako zerbait da. Zenbaitetan gertatzen da, klub batek pilotari on bat izan, eta taldean kontra egiten dion inor ez duela ikusten duenean, beste klub handiago batera jotzea. Horrek elkarte txiki askori min handia egiten die eta ezin dute beste talde handi horiekin lehiakor izan eta federazioak hori ezin du onartu. Ahalik eta elkarte gehien izan eta elkarte hauek osasun ona izateko asmoarekin egindako egitasmo bat da hau».

Ildo horretan, oso gutxi dira gazteei heziketa fisiko bat emateko gaitasuna duten elkarteak, eta alde horretatik, hasiera-hasieratik oso argi izan zuten, «teknifikazio hitzak zentzurik izango bazuen, arlo fisikoa eta teknikoa landu behar genituela», azaldu zuen Olaetxeak.

Baina proiektuaren helburu bakarra «ez da entrenatzea bakarrik, pilotariei jarraipen bat egin nahi zaie, azken batean, Gipuzkoan dauden onenei edo onentsuenei jarraipena egitea da asmoa, ze maila dagoen jakin ahal izateko», gaineratu zuen.

Etorkizun oparoa

Profesionaletan goi mailan ari diren pilotari gipuzkoarren kopurua handiegia ez bada ere, etorkizunera begira itxaropentsu izateko arrazoiak ba omen daude. «Betikoa da, belaunaldiak izaten dira, batzuetan beherakadak izaten dira eta gero gorakadak. Badakigu nafarrek beren indarra badutela baina nik uste dut beste tokietan ere gauzak ondo egiten ari direla. Gipuzkoan federazioak aurrerapausoa eman du proiektu honekin eta etorkizunean bere fruituak ikusiko dira», azaldu zuen.

Profesionaletara jauzia eman duten Rezusta eta Jakaren ondoren, Tolosa eta Artola ere gertu ikusten ditu Olaetxeak eta beherago ere badago etorkizun handiko pilotaririk, Altuna eta Iribarria esaterako. GRAVN txapelketan Gipuzkoak eman zuen maila bikaina ere -Nafarroarekin azken unera arte lehiatu zen- egindako lan onaren eredu gisa ikusten du pilotariak.

Arteaga, Egiguren, Intxausti, Garate, Gelis, Labaka, Matxinandiarena -aurrelariak-, Aranguren, Beloki, Erasun, Garmendia, Murua eta Salegi -atzelariak- jubenilek eta Exposito, Irazustabarrena, Oiarbide, Oiarzabal, Oñaederra, Zubizarreta -aurrelariak-, Aizpuru, Alberdi, Aranguren, Etxeberria eta Odiozola -atzelariak- kadeteek osatzen dute aukeratutako lehen pilotarien zerrenda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo