GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

«Aiaraldea» debaldeko egunkari berria kaleratuko dute bihartik aurrera

GARA | BILBO

Aiaraldea Komunikazio Leihoa elkarteak erronka berri batekin heldu dio ikasturteari: egunkaria. Urriaren 3an kaleratuko dute lehenengo alea. Hamabost egunean behin argitaratzekotan dira. 10.000 ale aterako dituzte, eta doan banatuko dute.

2010eko apirilaren 17an www.aiaraldea.com webgunea sareratu zuten. 2012ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Aiaraldea irratia; Internet bidezko irratia, euskara hutsean. Hala, Aiaraldea eskualdea osatzen duten bederatzi herrietako gertaerak bideoetan, argazkietan, irratian eta albistetan jasotzen dituzte. Aurrerantzean, hedabidearen eskaintzari paperezko euskarria ere batuko zaio. «Egindako lanarekin pozik gaude, baina euskarak zein euskaradunak euskaraz bizitzeko ahal beste tresna behar dituela jakinda, oraindik ere bide asko dugu urratzeko», dio Gartzen Garaio elkartekideak.

Eustat-ek emandako azken datuen arabera, Aiaraldeko euskararen ezagutza datuak asko handitu dira. Ez, ordea, erabilera. 2011n, Aiaraldean 41.253 biztanle zeuden erroldatuta. Horietatik %58,55 dira euskaraz ulertu eta aritzeko gai. Hots, hamarretik sei lagun. Kale erabileraren azken neurketek diote, baina, euskararen erabileraren batez bestekoa eskualdean %5era ez dela iristen. «Euskaraz bizitzeko espazio eta tresna gehiago behar ditugu».

Hamasei orri

Hamaboskariak hamasei orri izango ditu. Horietatik zortzi koloretan argitaratuko dira. Besteak beste, iritziak, herriz herriko albisteak, jendartea, kirola, kultura eta agenda bilduko ditu. Irakurleek ere beren txokoa izango dute. Bertan, edozein motatako agur mezuak argitaratzeko aukera egongo da: zoriontzekoak, eskertzekoak... Edo autobus, farmazia eta herrietako azoka egunak. Horretaz gain, kolaboratzaileen sare handi bat izango du; eskualdeko hainbat lagunek zutabeak idatziko dituzte. Horien artean daude Juan Jose Ibarretxe, Txema Urkijo, Julen Arzuaga, Eli Pinedo, Kepa Sojo eta Iñaki Isasi. Bestalde, gai ezberdinetan adituak diren herritarrek ere kolaboratuko dute iritzia emanez. Ale bakoitzean zortzi iritzi zutabe joango dira. Ildo beretik, Aiaraldeko komikigileen lanak ezagutzeko parada ere eskainiko du.

Garaiok azaldu duenez, aniztasuna eta tokikotasuna izango ditu egunkariak ardatz. Batetik, Aiaraldeko herri txiki, ertain zein handienei arreta berezia ipiniko dietelako. Eta, bestetik, gaiak aukeratzerako orduan eskualdeko jende eta praktika mota oro hartuko dutelako aintzat. Kiroletan, esaterako, emakume zein gizonen ligak landuko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo