GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora Lehen Mailako kanporaketa

Finalean ez dago lekurik denentzat

Nazabal, Azurmendi, Otaño, Atutxa, Olasagasti, Rekondo, Mujika, Txapartegi, Senosiain I.a, Irazu eta Erasun neurtuko dira gaur.

p048_f03_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Urteko egunik handienetakoa izango da gaur aizkora munduan, Euskal Herriko Lehen Mailako kanporaketa jokatuko baita Asteasun 18.30ean. Aurreneko sei aizkolariek abenduaren 8an Elgoibarren jokatuko den finalerako txartela lortuko dute, eta azken geratzen diren biek datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko dute lanean.

Floren Nazabal, Iñaki Azurmendi, Unai Otaño, Joxemari Olasagasti, Jexuxmari Mujika, Luix Txapartegi, Jon Rekondo, Aitzol Atutxa, Antonio Senosiain, Jon Irazu eta Ander Erasun arituko dira saioan. Bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko erdibitu beharko ditu. Finalean izango duten lanaren erdia izango da gaur arratsaldean egin beharko dutena.

Horrelakoetan ohikoa den bezala, finalean zeintzuk sartuko ote diren batzuen eta besteen iritzi eta zurrumurru ugari zabaltzen dira. Garbi dago, ezohiko zerbait gertatu ezean, han izango direla Floren Nazabal, Iñaki Azumenrdi eta Unai Otaño, nahiz eta azken honek uda nahiko txarra pasatu duen, gerriko arazoekin. Gipuzkoako Lehen Mailako finalari ere uko egin behar izan zion, baina badirudi osatu dela, eta gauzak ongi joanda, sailkatu beharko luke. Adituen ustez, Joxemari Olasagasti eta Aitzol Atutxa ere sartuko diren segurtasun osoa dago, eta, hortaz, txartel bat geratuko litzateke libre.

Horiek guztiak, ordea, iritziak besterik ez dira. Gaur argituko da benetako auzia. Txapartegi eta Senosiain I.a ere final askotan egon dira, eta Mujikak ere badaki hori zer den. Rekondo ere asmo horrekin dabil azkeneko urte hauetan, eta igo berri diren Irazu eta Erasun ere kontuan hartu beharrekoak dira. Bestalde, finalean nortzuk izango diren argitzeaz gain, maila galduko duten bien izenak ere jakingo dira, eta hori ere ikusgarria izango da. Ikuskizuna ziurra da, hortaz, inoiz baino berdinduago baitago gaur arratsaldean jokatuko den kanporaketa.

Joseba Otaegi ez da osatu eta ez du Asteasuko kanporaketa jokatuko

Joseba Otaegirentzat egun tristea izango da gaurkoa. Azken urte hauetan Lehen Mailako finaletan izan da, baina gaurko kanporaketa harmailetatik ikusi beharko du.

Gerriko arazoekin ibili da azkenaldian, eta bere helburua gaurko osatuta egotea baldin bazen ere, ez da horrela gertatu eta ezingo du lanean jardun.

Gainerakoentzat ere ez da berri ona bera falta izatea. Bazegoen, gainera, Zizurkilgo bi gazte batera ikusteko gogoa, aurtengo urtera arte Otaegik eta Irazuk ez baitute maila berean jarduteko aukerarik izan, baina aurten ere ez da posible izango lehia hori ikustea.

Behin gaurkoa pasatuta, lasai hartu beharko du; izan ere, zaleek neguan jokatzen den Binakako Urrezko Aizkoran ikusi nahi bailukete, baina berak bere burua erabat osatuta ikusi arte, ez du plazara ateratzeko asmorik. Hutsune handia izango da. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo