GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Antzezlan berezi baten estreinaldia

Hilen egunean berpiztuko da Hamlet

Shakespearek idatzitako obrak, galdera, zalantza, eta teoria anitz ditu, eta hari horri tiraka galdera berri bat ekarri dute taula gainera Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu-ko lagunek, Hamlet ez ote zen euskalduna? Gaur Luhuson (Lapurdi) eskainiko dute lehen aldiz.

p008_f01.jpg

Jon GARMENDIA

Egun esanguratsua hautatu dute Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu-ko antzerki konpainiakoek «Hamlet» obra euskaraz estreinatzeko, hildakoen eguna, azaroak 1a. Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko hiru antzerki konpainiatako aktoreak bildu izanak, hau da, euskal lurretako hiru herrialderen jendeek jada ematen diote euskal kolorea obra famatuari, baita ukitua ere, baina ez da nongotasuna halako ekimenaren ardatz nagusi. Hori bai, Lapurdi Garaia eskualdean dagoen Luhuso herrian antzeztuko dute lehen aldiz, gaur, arratseko 20.30etik aitzina Harri-Xuri gelan.

Agian, egun honetan errazago baita Danimarkako Printzea kaskezur bati hizketan irudikatzea bere galdera famatua behin eta berriro planteatzen: To be or not to be, that is the question. Baina lehen aldiz euskaraz eginen dio galdera printzeak, ez ingelesez, eta izatearen edo ez izatearen zalantza horri erantzun bat aurkituko dio, beharbada, hau da, Hamlet bera ez dela Danimarkakoa, ez eta anglosaxoia ere, euskalduna baizik. Euskarazko obra honen taula zuzendari den Ximun Fuchsek argi du, «Hamlet ez ote zen euskalduna? Bai, euskalduna zen, hala erantzun diogu galdera horri guk. Hamaika teoria daude Hamleten inguruan, anitzek idatzi dute hari buruz nongotasuna zehazteko nahierarekin, Shakespeare ez zen sekula joan Danimarkara, hori ia segurtzat eman dezakegu, eta Sigmund Freudek, Michel Foucaultek, Leninek... anitzek idatzi dute zalantza horren inguruan, zerrenda luze bat aurkitu genezake Hamleti buruz galderak pausatzen. Badira anitz jende judua zela erraten dutenak, William Shakespeare bera espainiar judua zela teorizatzen dutelako, Ingalaterrara joandako poliglota gisa aurkezten baitute idazlea, beste batzuek printzea protestantea zela erraten duten maneran, eta protestantismoak biltzen zuen filosofiaren barnean kokatzen dute, badira homosexuala zela erraten dutenak ere, Hamletek bere ama botatzen baitu obratik, baita bere neska laguna ere konbentura bidaliaz, eta emakume bat zela erraten dutenak ere badira. Orduan, guri egokitu zaigu Hamlet gazte euskaldun bat dela erratea, zergatik ez?».

William Shakespearek idatzi zuen «Hamlet» tragedia 1599. eta 1601. urteen artean, baina «First Quarto», «Second Quarto», eta «First Folio» izeneko hiru bertsio desberdin jasoak daude egun, eta hor zehazten digu Ximunek: «Shakespearek lehen bertsioa 28 urterekin idatzi zuen, bigarrena 42 urterekin eta bitarte horretan antzezle batek ere idatzi zuen beste bertsio bat, teoriak milaka daude, hizkuntza anitzetan anitzek antzeztu izan dute, mundu osoan, guk, dokumentatu gabeko ziurtapen bat iradokitzen dugu, Hamlet dela gure herriko gazte bat, izan daitekeela zure lehengusua, zure bizilaguna, eta ikuspuntu horretarik zer pentsatzen duen berak agerrarazi nahi dugu, baliatuz bere aita hiltzen duen pozoia metafora bat dela, garai hartan ez baitzen pozoirik, eta pozoi hori haren belarrira sartutako hitza baino ez da, honela, gure eleen bidez euskal izaera batetik Hamletek gure inguruari buruz eta arazoei buruz errateko duen hori agerrarazi nahi dugu».

Hiru antzerki konpainia batu dira Ximun Fuchsen gidaritzapean, eta esperientzia bera baliatu zuten 2010ean «Errautsak» obra dozenaka aldiz eskaini zutenean, arrakasta handia lortu zuten harekin, baita sariak ere, Donostia Hiriko Antzerki Saria kasu, eta garaian ehundutako sarea sendotzeko intentzioz bide berri bat ibiltzeari ekin diote oraingoan, «biziki talde ona osatzen dugu, kontent naiz haiekin elkarlanean aritzeagatik, beste hamar lan ere eginen nituzke, ederra baita daukagun giroa. Orain dela urtebete ekin genion `Hamlet' prestatzeari, eta bide horretan egunero zerbait berria aurkitu dugu, ez genuen posizio edo erabaki finkorik, atalez atal elkarrekin landu eta errotzen joan gara guztia, hau nola egin? Galderari, `ez dakit' erantzuna ematen joan gara, hortik hasten dugu dena, eta `ez dakit' horrek lagundu digu aitzina joaten, lana jorratzen. `Errautsak' sei aktoreren artean egin genuen, hemen zazpi daude», aitortzen digu Ximunek. Aipatzen dituen zazpi antzerkilariak biziki ezagunak dira mundu horretan, esperientzia eta trebezia handikoak, Hamleten papera Ander Lipusek betetzen du eta Ximunek Manex Fuchs anaia ondoan izanen du antzezten, antzerki lan ugari eskaini izan dituzte bi anaiek urte luzeotan, eta Ainara Gurrutxaga, Iñaki Ziarrusta, Maika Etxekopar eta Miren Tirapuk osatzen dute zazpikotea.

Shakespeareren testuen egokitzapena Xabier Mendiguren Elizegi idazle eta editoreak egin du, eta orotara hamazazpi pertsona jardun dira lanean, musikari, teknikari eta jantzien egileak batuz gero. Zerrenda luzea dute jadanik emanaldien arloan, Euskal Herriko hiri eta herri desberdinetan hamalau aldiz eskainiko dute azaroan adibidez, bi egun bakoitzeko emankizun bat. «Apirila bitarte obra antzeztea da gure asmoa, eta entretenigarria eta ikusgarria den zerbait eskaintzea ez da gure helburu bakarra, antzerkiak emozioak sortu behar ditu, hunkidurak, irribarreak eta tristezia momentuak, baina nahitaez sortu behar du ondoeza, jendea ukitu eta bere buruari galderak pausatzeko manera atzeman behar da beti», argiki mintzo da Ximun Fuchs. Agian hor du heldulekua «Hamlet» obrak eta euskal antzezle hauek jostura atzeman nahi diote berari, galderaz jositako antzezlana baita Shakespearerena, «guk ez ditugu erantzunak xerkatzen, galderak pausatzen ditugu denbora guztian, ezin baitiogu erantzun izan ala ez izan galdera potolo horri», irriz aitortzen du Ximunek eta ez da erantzun luzeagoetara joaten, ez behintzat egingo dutena biluzterakoan, agian, obra ikusteko irrika bera aski galdera ere badelako, ikus-entzuleak pausatu behar duena. Aurkezteko egunaren berezitasunari heltzen dio hala ere Fuchsek. «`Errautsak' ere egun horretan aurkeztu genuen, bazuelako sinbologia indartsu bat, Hamleten ere heriotza biziki presente dago, eta bertan mundu zaharkitu baten heriotza aipatzen da, bere zama da zein mundu eraiki behar duen, eta guk ere erran beharko dugu zer ehortzi behar dugun gure mundu honetan». Hautsak harrotu ditu estreinaldiak behintzat, hala erran daiteke hedabide anitzetan ukan duen oihartzunari behatzen bazaio, eta hor euskaraz idatzitako «Hamlet», izan, bada.

BIRA LUZEA

Gaurko Luhusoko estreinaldiaren ostean, Azpeitian ikusi ahal izango da (2an), Bilboko Arriaga antzokian (3an) eta, 7tik 10era Donostiako Gazteszenan egon ondoren, Larresoro (11n), Hendaia (14an)... horrela, ekainera arte.

HIRU KONPAINIA

Ipar Euskal Herriko Le Petit Theatre de Pain, Artedrama bizkaitarra eta Dejabu Gipuzkoako antzerki konpainiak jadanik 2010ean elkarrekin bildu ziren «Errautsak» ikuskizunerako. Azaroaren 1ean estreinatu zen hura ere.

LAN TALDEA

Ander Lipus Hamlet pertsonaia klasikoaren azalean sartuko da Ximun Fuchsek zuzendu duen bertsio honetan. Berarekin batera, agertokian beste zazpi aktore, horien artean Ainara Gurrutxaga, Manex Fuchs... Musika Asier Ituarterena da.

17

pertsona jardun dira lanean hiru konpainietako zazpi aktore bildu duen antzezlan honetan.

ELEA ETA POZOIA

«Zer pentsatzen duen berak agerrarazi nahi dugu, baliatuz bere aita hiltzen duen pozoia metafora bat dela, garai hartan ez baitzen pozoirik, eta pozoi hori haren belarrira sartutako hitza baino ez da», dio Ximun Fuchsek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo