Pertsonak ororen gainetik daudela erakusteko garaia
Fagor Etxetresnak kooperatibak porrot eginda, kezka nagusi da Debagoienan. Izan ere, kezkagarria da kooperatiba batek porrot egitea, enpresa bat desagertzea bezala. Baina herritar gehienen kezka ez da eraikin bat ixtea, haren ondorioak baizik, eta ondoriorik latzenak itxitako kooperatiba edo enpresako langileek jasango dituzte, kasu honetan lau mila inguruk, zeharkako lanpostuak kontuan izanda, eta haiekin batera, euren familiek. Familia horiek eta beste herritar asko atera ziren atzo Arrasateko kaleetara «Etorkizunaren alde» lelopean. Debagoieneko alkateek lanpostuei eusteko «ahalegin berezia» eskatu zieten Mondragon Korporazioari eta Gasteizko Gobernuari, eta hala beharko luke, egoera ez baita samurra, batez ere, esan bezala, langileentzat. Hala ere, kooperatibek beren eredu propioa sortu eta garatzeko erakutsi duten gaitasuna erakusten saiatu beharko lukete orain, momentu latzetan, hain zuzen. Hori ere kooperatibismoaren erronka izan beharko litzateke. Egon dauden elkartasun mekanismoak sustatzeko garaia da, pertsonak ororen gainetik daudela aintzat hartzen duen proiektua dela erakusteko garaia. Horixe da lehentasuna. Eta, epe luzerago begira, gertatutakoa aztertu, akatsetatik ikasi eta bidea birpentsatu beharko dute, egon ez dauden aterabide zailak ez direla inongo eskuliburutan aurkitzen jakinda.