GARA > Idatzia > Kultura

«Parisen bizi naiz»: hiria, periferiako Koldo Izagirreren begiradatik

Koldo Izagirre pasaitarrak bere zortzigarren poesia liburua du «Parisen jaio naiz». Donostiari eta oro har hiriei kritika zorrotza egin die egitura askotariko poemetan. Prentsan idatzitako sei artikulu ere tartekatu ditu liburuan. «Donostiako periferian bizi izan garenok, oso inguru industrialean bizi izan gara eta horrek oso bestelako egin gaitu», adierazi zuen atzo, nahiz eta aitortu zuen «biktimismo puntu bat» ere badutela bere poemek.

p044_f01.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Gauza orokorra da, elkarren mugan bizi diren herriak ere elkar ezin ikusia dute. Hori historikoa da, adibide asko daude Gipuzkoan bertan. Pasaiaren kontradikzio nagusia askotan ez da Donostia, baizik bere burua, lau auzotan banatua eta arraunak magnifikatua, zoritxarrez», esan zuen atzo Koldo Izagirrek (Pasaia, 1953). Eta Donostiarekin daukan fijazio hori agerian gelditu da «Parisen bizi naiz» (Susa) poema liburuan.

«Ni ere bertakoa naiz baina bazterrekoa. Altzan jaiotakoa, Intxaurrondon bizi naiz, urte askoan bizi izan naiz Donostiako mugan. Pentsatzen dut gauza arrunt eta xumeetatik hasiko zela nolabaiteko Donostiarekin zerikusia zuen guztia eztabaidan jartzen», gaineratu zuen. «Biktimismo puntu bat ere badago, baina aldi berean atrakzio indar bat dauka hiriak, eta Donostiak zeresanik ez. Hortantxe bizi gara, izan eta ezin».

Hiria da «Parisen bizi naiz» liburuaren ardatza, zentzu zabalean, «hiri bat topalekua da, enkontruak, gurutzaketak, ustekabekoak, etengabe eraikitzen eta deseraikitzen doan geografia bat delako, baina baita pertsonak ere topatzeko lekua, bila joan behar izan gabe». «Parisen bizi naiz» poemarekin hasten du liburua, «Berlinen bizi naiz» izenekoarekin bukatzeko; eta «Hautakritika baterako zirriborroa»-k erdibitzen du.

Itzulpengintzan, saiakeran nahiz eleberrigintzan uzta mardulekoa, duela bi urte argitaratu zuen Izagirrek «Egarri egunak portualdean» nobela eta «Parisen bizi naiz» bere zortzigarren poema liburua du. Aurretik idatziak ditu «Itsaso ahantzia» (1976), «Oinaze zaharrera» (1977), «Guardasola ahantzia» (1978), «Balizko erroten erresuma» (1989), «Non dago Basques´ Harbour» (1997), «Teilatuko lizarra» (2006) eta «Rimmel» (2006).

Gorka Arrese Susako editoreak atzo azaldu zuenez, «maila ezberdinetan eraikita dago gaur aurkezten dugun begiratu poetikoa: maila urbanoan eta sinbolikoan, maila pertsonalean, maila kolektiboan, maila historikoan, maila literarioan, maila linguistikoan... `Parisen bizi naiz' honetan elkartzen dira: hiriburuen porrota, krisi politikoa eta poetaren heldutasuna. Heldutasun honek mezu garden eta aldi berean ñabartua bideratzen du, hizkera ederrean eta poema molde anitzetan».

Errimaren beharrak

Poesiaz gain, sei prentsa artikulu ere ageri dira liburuan. Poemen egitura aldetik, errimen «errazkerian» ez erortzen saiatu dela adierazi zuen Izagirrek, beste «jolas» batzuk eginez. «Errimak eraman zaitzake zuk esan nahi ez zenuen zeozertara, eta hori interesgarria izan liteke. Errimaren beharrak uste ez zenuen zerbaitetara behartzen zaitu. Alde horretatik da interesgarriena errima».

Atzo Donostian egindako aurkezpenean idazle nahiz musikari ugari bertaratu zen eta Euskadi Literatura Saria irabazi berri duen Ramon Saizarbitoria ere harrituta agertu zitzaion erabilitako errima jokoekin.

Donostiarekiko fijazioa zela eta ez zela, elkarrizketa interesgarria izan zuten bi idazleek. Geroago bera «ñoñostiarra» dela aitortuko zion Saizarbitoriaren ustetan, Gipuzkoako hiriburuarekin bereziki gertatzen den zerbait da, eta ez da berdina pasatzen, adibidez, Bilbon. «Bilbo epikoagoa izan da guztiontzat eta langileagoa -erantzun zion Izagirrek-. Portua Bilboraino iritsi izan da historikoki, Donostiak ez du hori izan. Lauaxetak esaten zuen Bilbon kalean bertan hasi zitekeela greba, Donostian ez. Gero, Donostiak badu espiritu monarkiko bat, ezin duena abandonatu. Bilbok bezalaxe suntsitu du langilearekin eta popularrarekin zerikusia zuen guztia, maila urbanistikoan. Adibidea, Antigua», esan zion.

Donostiako periferian bizi izanak «oso bestelako» egin dituela gaineratu zuen eta Luzuriaga enpresa ekarri zuen gogora. «Puntako fundizioa urte askoan, hark sortutako kutsadura guztia guk jasan izan dugu», esan zuen, baina enpresaren bulegoak, «kasualitatea da», Pasaiak Donostiarekin muga egiten duen Eskalantegi kalean zeuden, Donostiako espaloian, alegia.

Dena kalterako ezin izan, ordea, eta Donostian sortu diren idazle hainbat ere ageri dira bere poemetan: Txillardegi, Saizarbitoria iradokitzen duen Ramon izenekoa, Ibon Sarasola... «Ez da kasualitatea, hiri nazkagarri hau euskal idazleen eta euskaltzaleen topalekua eta lantegia izan da», bota zuen.

IBON SARASOLA

Idazle ugari ageri dira poemetan barrena. Ibon Sarasolari eskaintzen dio horietako bat. «Obsesio» antzeko bat duela aitortu zuen Izagirrek, 16 urterekin irakurritako bere poema bat iltzatuta gelditu zitzaion eta «antzeko zerbait egin nahian, zortzi liburu idatzi ditut dagoeneko», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo