Afrikar jatorrikoak dira EAEn egoera ahul eta prekarioena duten etorkinak
GARA | DONOSTIA
«Afrikar jatorriko biztanleria EAEn» izeneko lanarekin hasi du Ikuspegiak-Immigrazioaren Euskal Behatokiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan bizi diren etorkin talde handien ezaugarri nagusiak aztertzeko begiraden saila. Hain zuzen ere, lau talde behatuko dituzte: afrikarrak, asiarrak, europarrak eta latinoamerikarrak. Alderdi soziodemografikoei erreparatuko diete, baita taldearen integrazioarekin lotutako elementuei ere.
Lehenengo ikerketa honetan ikusi dutenez, afrikar etorkinen taldeko gehiengoa (%67,5) Magrebekoa da, eta Saharaz hegoaldekoak ere anitz dira (%32,5). Araban bizi dira batez ere, eta gizonezkoak dira nagusi, nabarmen. %34,2 soilik dira emakumeak.
Integrazio-prozesuari dagokionez, egoera ahul eta prekarioenak bizi dituzte. Hala adierazten dute, esate baterako, lan-merkatuan sartzearekin eta ikasketa-mailarekin lotutako datuek. Era berean, bertako biztanleek ere okerren baloratzen dituzten etorkinak dira, eta horrek integrazio-prozesurako zailtasunak areagotzen ditu.
Integrazio dinamiketan, hala ere, zenbait alde zehaztu dituzte magrebtarren eta Saharaz hegoaldekoen artean: lehenengoek jarduera-tasa txikiak dituzte eta bigarrenek, altuak. Nazionalitate guztien artean, Saharaz hegoaldekoak -hain zuzen, senegaldarrak- dira talde informaletan (%27,3) eta etorkinei laguntzeko erakundeetan (%33,3) gehien parte hartzen dutenak. Kontuan izan behar da etorkinen %3,3 soilik dagoela integratuta halako erakundeetan.
Erroldako datuen arabera, 2013ko urtarrilaren 1ean, afrikar
jatorriko EAEko biztanleak 36.190 ziren, atzerritarren %25. 1998tik afrikar etorkinen taldea hamahiru bider handitu da.