GARA > Idatzia > Kultura

Apaizak herriaren alde itxi zirenekoak kontatu ditu Xabier Amurizak

60ko hamarkadako gertaerak ekarri ditu Xabier Amurizak gogora «4x4 operazioa» nobelan. Gogor izeneko apaiz mugimendua, Derioko seminarioan 70 apaizek egindako itxialdia... Benetako gertaerak oinarri hartuta historia kolektibo bat kontatzen du.

p046_f01.jpg

Ane ARRUTI | LASARTE-ORIA

«Gertaera errepikaezin baten partaide izateko zortea izan genuen. Inguruetako historia osoan ere kasu bakana izan daiteke, bakarra ez bada, estamentu klerikal bat hala altxatzea kolektiboki. Hementxe gertatu zen, Euskal Herrian», gogoratu zuen atzo Xabier Amurizak (Etxano, 1941). 1968an izan zen. Derioko seminarioan itxialdia egin zuten ia hilabetez 70 apaiz euskaldunek. Pablo VI.a aita santuari eskutitz bat bidali zioten Erromara, Euskal Herriak jasaten zuen errepresioaren berri emanez eta eliza pobre, indigena eta libre bat eskatuz. «Itxita gaude, lehen geure erabakiz, orain derrigorrean poliziaren inguratzez. Uler ezazu ezin dugula irten nahita ere», kontatzen du pasarte batean.

Garai hartako gertaerak, bai Derion igarotakoak eta baita hamarkada hartan indartu zen Gogor apaiz mugimenduaren ingurukoak biltzen ditu Amurizak «4x4 operazioa» (Lanku) nobelan. «Joan ziren» zikloko laugarren liburua da -«Dinosauroak horizontean», «Orain ezin naiz hil» eta «Olatu bat kuartelen gainetik»-, eta azkenengoan garai berdineko istorio pertsonalagoak kontatzen bazituen, oraingoan historia kolektibo bat idatzi du.

Kontatzen du nola egin zuten bat arazo sozialekin, greban zeuden langile askorekin... «Euskal gunea-erdal gunea, arazo nazionala-arazo soziala, elementu kontrakotzat aurkezten ziren kontzeptuon batasuna honela formulatu zen, Euskal Herri langilea. Ez dakit izendapen hori lehen aldiz gure agirian agertu zen, baina bai finkatu zen zabalkundea bere bitartez».

Liburua idazteko ez du kronika formatua hautatu. Nahiago izan du fikziora eraman -«kondaira multiple honetako izen fiktizioen azpian dauden pertsona errealei», egiten die eskaintza-.

Apaizen mugimenduak izandako garrantzia azpimarratu zuen atzo: «Izan gabe abangoardia, nola inpunitate bat bagenuen eta azpiegiturak ere bai, sortu zen mugimendu kolektibo handi bat bai apaizetan eta bai beste guztietan».

Iraultza hitz «potoloegia» dela esan zuen Amurizak «baina halako iraulirik hain urte gutxitan ez dut ezagutu Euskal Herrian. 1962-63-64tik, Burgosko epaiketara bitarte horretan izan zen hain azkar nola aldatu zen hemengo panorama guztia, mendeetan beterik zeuden seminarioak nola hustu ziren».

Liburua «hizkuntz kriterio ustez aurreratzaileen arabera idatzia» dela adierazi zuen eta hitzaldi sorta bat ere egingo du, liburuko pasarteak eta azalpenak tartekatuz joango dena: gaur, Bilboko La Bolsan izango da 19.00etan, eta aurrerago Arrasaten, Eibarren, Larrabetzun eta Txantrean.

HITZALDIAK

Liburuaren aitzakian, hitzaldi sorta bat egingo du Amurizak: gaur Bilboko La Bolsan izango da 19.00etan; azaroaren 27an, Arrasateko Kulturaten; abenduaren 12an, Eibarko Arrate kultur etxean; abenduaren 19an, Larrabetzuko Angulerin; eta urtarrilaren 17an, Txantreako Biltokin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo