GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Ez nekarazi jendea Fagorrekin

Arrasateko aspaldiko lagun batekin juntatu nintzen aurrekoan Erdi Aroko azoka batean. Urteak ziren elkar ikusteke, elkarren berri bagenuen arren. Pentsamendu arloteak hori dauka, hitz egin ala idatzi beharrik gabe lagunen pausoak munduan zehar jarraitzeak. Falkoneria txoko eder askoa zegoen, hontz zuri, mozolo, Harris arrano, eta abarrekin. Egurrezko labean egindako gozoak, naturalki depilatzeko mineralak, frituren usainak... baziren, bai, makina bat kontu txunditzeko eta hitz egitekoak. Mesanotxean duzun liburuaz, eguraldiaz edo honen ala haren txutxumutxuaz hitz egin genezakeen. Aspaldiko istorioez, manifa haiez, kontzertu hartaz edo neska perla haren bizitzaz. Baina ez!

Justu-justu «aspaldiko!» esan eta Fagor gora eta Fagor behera hasi zitzaidan, hitz parrasta betean. Eta honen diruaz eta haren familiaz, eta kooperatiben iraganaz eta geroaz. Monotema totala, Fagorren experto, Fagor eta munduaren akabera, Fagor eta gure mitoak, Fagor ala Fagor... hura matraka! Fatalismoa eta amildegia... «Ederto izorrauta gare!», «eskualdearenak egin dau», «mozten dan burua ez dao altxatzerik!».

Edukazio onean kendu nuen paretik. Enpatxatua zeharo. Hori bai, Fagorrena kolpe latza izanagatik ere, eskualdearenak ala Euskal Herriarenak egin duela esatea ez, hori ez. Kolpe latzagoak jasota daude, eta etorriko direnak! Zorionez, eskualdea ez da kooperatiben monolaborantza, bestelako enpresa eredu potente askoak eta herriarekin igualtsu konprometituak daude. Eta Euskal Herria, bere txikian, gauza handia da, elektrogailuean sektore eta negozio ereduaren demontre, zuzendaritza baten inkopententzia ala idealismo erromantiko eta tuntun batetik harago, askoz ere haragoa doa. Bai horixe!

Irakaspenak ateratzeko balioko ahal du! «Gehiago» ez dela «hobea» barneratzeko, superlatiboan ez duela kooperatibismoak jokatzerik, tragedia askoz ere tragikoagoa dela Kutxabank-ena -hori bai hondamena-, Fagorrena baino une kritikoagoak bizi izan dituela kooperatibismoak eta majo gainditu ere, jarreraz, asmatuz, sortuz. Edozein gauza jendea ezkortasun patologiko eta gatzik gabeko malkoekin nekarazi baino. Bestela, mistela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo