GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > HERRI KIROLAK 2006-03-24
Patxi MINDEGIA | Aizkolaria
«Kirola egiteko eta gorputza ongi izateko hasi naiz berriro aizkoran»
Patxi Mindegiaren itzulerak ikusmin handia piztu du aurtengo Urrezko Aizkoran. Bera, ordea, ez da gustura geratu, bere ustez azkarregi itzuli delako plazetara. Hasierako asmoa udan erakustaldiak egin, eta hurrengo neguan hastea zen, baina aurten ere animatu egin da. Hala ere, aurrera egin nahiko luke, baina inongo presarik gabe.

Ptxi Mindegia, Miel Mindegiaren semea, sei urte aizkora utzita egon ostean, berriro plazetara itzuli da Urrezko Aizkoran. Amillano kanporatu ostean, ezin izan zuen Unai Otaño gainditu, eta agur esan dio lehiaketari. Hala ere, bere pareko aizkolari bat berreskuratzeak zaletu guztiak poztu egin ditu.

­Sei urte eta gero plazetara itzuli ostean, zer ondorio ateratzen dituzu?

Hasi ongi egin nintzen, baina gero lesio txiki bat izan nuen besoan, eta bigarren saioa ez nuen ongi egin, eta triste samar nago orain, baina apurka-apurka aurrera egin beharko da, ez dago beste erremediorik.

­Amillano kanporatu zenuen, baina gero Otaño ezin izan zenuen gainditu.

Horrela izan da, baina azkenean ez da begiratu behar zeinen aurka galdu edo irabazi duzun, zer nolako lana egin duzun baizik. Lehenengoan ongi aritu nintzen, eta bigarrengoan, berriz, ez. Nire burua estutu egin nuen, eta besoetan nerbiorik gabe geratu nintzen; horrela ezin da indarrik egin.

­Zailena hasiera hau izango da ezta?

Bai, eta banuen beldurra. Orain plazara denak joaten dira ongi prestatuta, eta etxean ongi aritu arren, han tentsioa ere handiagoa izaten da, izan ere, jendea zain egoten baita zer egiten duzun edo zer ez, eta azkenean gauza guztiak ez zaizkit nahi bezala atera.

­Zaleak, zu berriro itzuliko zinela jakin zutenetik, itxaroten egon dira zu ikusteko. Horrek ardura gehiago eman al dizu?

Egia esan, ez nuen uste jendea horrela zain egongo zenik, eta ni batez ere bigarren kanporaketan konturatu nintzen. Hala ere, horrenbeste denboran plazetan aritu gabe egonda ezin da gehiegi eskatu. Plazan konturatzen zara zer hobetu behar duzun eta zer daukazun egiteko; gauza bat da entrenatzea, eta gero beste bat, oso ezberdina, jendearen aurrean aritzea.

­18 urterekin Bigarren Mailako Euskal Herriko txapela jantzi zenuen, eta jendeak zugan itxaropen handiak jarri zituen. Zu, ordea, apurka-apurka uzten joan zinen, dena utzi arte. Zer gertatu zen?

18 urterekin txapela lortu nuen, eta Senosiainekin ere apustu pare bat oso gogorrak izan nituen. Orduan entrenamendu asko eta serioak egiten nituen, eta urte pare batean oso serio aritu nintzen, baina gero apur bat aspertu egin nintzen, eta uzten hasi nintzen. Behin uzten hasten zarenean, gero entrenamenduak ere gogorragoak egiten dira, askoz gehiago sufritzen da, eta emaitzak ez dira berdinak izaten. Azkenean dena utzi nuen.

­Aizkorarako zenuen grina horrek berriro ere plazetara bultzatu zaitu, ezta?

Bai. Nahiz eta aizkora utzi, beti gustatu izan zait, eta ez da ezer aldatu. Gero, badakit ongi egiten dudala, eta azken batean banekien entrenatu eta sufritu beharra zegoela, baina aurrera egitea erabaki dut.

­Miel Mindegiaren semea izanda, jendeak beti konparazioak egin izan ditu zuen artean. Horrek mesede edo kalte egin dizu?

Kalte. Jendeak uste du aitaren semea zarelako haren parean ibili behar duzula, baina bakoitzak egin behar du berea. Zaleek maila oso altua jartzen dizute, eta hura lortzen ez baduzu, ez zara ona, eta hori beti kalterako da.

­32 urte dituzu orain, eta garbi dago prestakuntzarekin aurrera jarraituta oraindik gora hel zaitezkeela. Asmo horrekin ekin al diozu berriro aizkorari?

Egia esan, nire asmoa ez zen aurten plazaratzea. Ni aizkoran kirola egiteko eta gorputza hobeto izateko hasi nintzen. Asmoa zen prestatzen segi, eta udan erakustaldiak egitea, eta hurrengo neguan hastea Urrezko Aizkoran. Azkenean aurten ateratzera animatu naute eta atera naiz, baina ez dugu asmatu. Uste dut azkarregi plazaratu naizela, hori da behintzat geratu zaidan irudipena.

­Jendearen ustez, prestatzen bazara goi mailara iritsiko omen zara. Horrelakoak entzutea ona da, ezta?

Bai, eta badakit horrela hartuta egin dezakedala, baina aizkoratik bizitzea oso zaila da, eta horrek gastu handiak eta entrenamendu gogorrak ekartzen ditu. Orduan, aurrera egiteko afizioz egin behar da eta ez derrigorrez.

­Udan Euskal Herriko eta Nafarroako Txapelketak ere izango dira, eta hor behetik hasi beharra izango zenuke. Asmorik bai horietan ateratzeko?

Ez dakit, lehen esan bezala, aizkoran kirola egiteko eta gorputza ongi izateko hasi naiz, eta ez dut oraindik pentsatu horietan atera edo ez. Badakit behetik hasi behar dudala. Ez da gustagarria, behe-behetik berriro hasi behar hori, baina hori egin beharra dago, eta beste aukerarik ez bada, horixe egin beharko da.

­Zure ingurukoen laguntza beharrezkoa izango da orain, ezta?

Bai, dudarik gabe. Gaizki aritzen zarenean, azken batean, haien laguntza da gehien eskertzen duzuna. Hau kirol gogorra da, eta alboan jendea izatea garrantzitsua da, eta beharrezkoa ere bai.

­Eta zaleek, nola hartu zaituztela uste duzu?

Ez dakit, nik nahi bezala ez, nahi nuena baino itxura txarragoa hartu didatelakoan nago. Lehenengo saioa ona egin nuen, eta bigarrena ez. Jendeak uste du plazara baldin bazoaz oso ongi egon behar duzula, goi mailan, eta gorabehera horiek ez ditu gustuko, zalantzak pizten direlako. Lehen esan bezala, horren azkar berriro plazara ateratzearekin asmatu ez dugulakoan nago.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Del titular grueso a la letra pequeña
Euskal Herria
«Estamos al inicio de un camino que sigue necesitando compromisos»
Euskal Herria
El juez cita el miércoles a Otegi, para quien el fiscal mantiene su petición
Euskal Herria
«Ahora nos toca trabajar a nosotros, no podemos dejárselo a los políticos»
Kultura
Fallece el realizador Eloy de la Iglesia en un hospital de Madrid
Kirolak
Bakero toma el relevo de Arkonada
Euskal Herria
La Unión Europea da su respaldo a Zapatero para «buscar una solución al largo conflicto»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea