GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-24
Joxean AGIRRE
Etorkin jatorraren mitoa
Mito guztiekagertzen dute egiaren zati bat eta Jon maiari etorkin jatorraren mitoa lantzea egokitu zaio. Euskaldun askok frankismo garaiko emigrazioa ikusten zuten gure zoritxar askoren jatorritzat, eta hara non maiak, etorkin gehienak esbesteratumoduan ikusiz, eleberria egin duen. Tesia guztiz da interes handikoa, eta, horren lekuko, dagoeneko ia hogei hitzaldi eman ditu han-hemenka.

Jon Maiak bertsotan duen patxadak urduri jartzen ditu bertsozale bakan batzuk. Patxada hori, dena den, gozamen bihurtzen da hitzaldi bat ematen ari denean. Lazkaoko Gerriko elkartean izan zen joan den asteartean “Riomundo” eleberriaz hitz egiten, eta aretoa bete zuen jendetza liluratzen asmatu zuen. «Ez dut liburuan emigrazioari buruzko teoriarik eta diskurtsorik egin nahi izan. Apenas nire iritzirik ere agertu dudan. Hamar lerro izango dira ozta-ozta», esan zuen, eta hitzaldian ere diskurtsoak saihesten saiatu zen; nahiago izan zuen tarteka, bederen, aitorpen pertsonalak egin.

«Aitonari izugarrizko poza ematen zion ni ikastolan ibiltzeak, eta bere txabola ataritik baserritarren bat igarotzen zen bakoitzean euskaraz hitz egiteko edo euskaraz kantatzeko agintzen zidan hiru edo lau urte nituenean. ‘Cántale, cántale’, hasten zitzaidan. Kozkortu nintzelarik eta bertsotan hasi, gauza bera agintzen zidan eta bertsoa botatzeko posturan prestatzen nintzen. Baserritar batek baino gehiagok esan zidan, postura hori ikusita, bertsolari izango nintzela», adierazi zuen.

Amonak, ordea, ez omen zuen ezer jakin nahi bertso kontuez. «Son aburridísimos. Son capaces de aburrir hasta a los muertos», errepikatzen omen zuen. Flamenkoak duen graziarekin alderatuta, bertsolariak ez omen dira ezer. «Guk tristura izugarri batekin kantatzen omen dugu. Baina ‘Hitzetik hortzera’ guztiak ikusten ditu eta txapelketaren finalean ere han egon zen zortzi ordu telebista aurrean. Gainera, beti asmatu du Egañak irabaziko duela. Legaña deitzen dio. ‘Ya sabía yo que ganaría el calvo’, esan ohi du», kontatu zuen.

Etorkinen begirada horiek liburura ekartzen saiatu dela esan zuen ondoren. «Beren begirada hori eskaini nahi nuen. Amonak, esaterako, euskal emakumeak extremeñoak baino itsusiagoak direla uste du. Hemengo emakumeen sudurrak eta kokotsak ez zaizkio batere gustatzen. ‘Que no son feas, abuela, que son así’, esaten diot nik. Nire lehengo neska-lagun bat, esaterako, ez zitzaion batere gustatzen, euskaldunegia zelako», adierazi zuen.

Kontu garbiketa

“Riomundo” eleberria bere buruarekiko kontu garbiketa bat izan dela ere aitortu zuen Jon Maiak. «Mutikotan abizenak ezkutatzen nituen. Maia neutroa iruditzen zitzaidan, baina bigarrena Soria zen, hirugarrena Herrero eta laugarrena Valderrama. Eta hiru abizen horiek ezkutatzen saiatu izan naiz 20 urte bete nituen arte, lotsatu egiten nintzelako. Ez dakit zenbateraino zen euskaldunen errua edo neurea. Nire inguruan etorkinei buruzko mespretxuak entzuten nituen eta jatorri hori ezkutatzen saiatu nintzen», jarraitu zuen. Konplexu horien berri argiago ematen duen pasarte bat ere kontatu zuen. «Gauza itsusiagoak ere egin ditut. Xenpelar saria irabazi eta bertsozaleen artean berriketan nengoela, ama eta aita zorionak ematera zetozela ikusi nituen eta, ama gazteleraz hitz egiten hasiko zitzaidala pentsatuz, bizkar eman nien, lotsa ematen baitzidan inguruan nituen bertsozaleen aurrean gurasoak erdaldunak nituela agertzeak. Ez nituen agurtu nahi izan. Eta hori are larriagoa iruditzen zait, nire familia beti euskaltzalea izan delako. Aitak euskara ikasi zuen ni jaio baino lehen, nirekin euskaraz hitz egin ahal izateko. Osaba errefuxiatuta ezagutu dut nik. Beti izan dute euskal giroa etxean. Umetatik ikastolara bidali ninduten. Ez nuen zertaz lotsaturik. Baina giroak familiaren jatorria estaltzera eta gutxiago- tasun konplexuak izatera eraman ninduen. Egun batean, txapelketa nagusi bat prestatzen ari nintzela, Bertold Brecht-en poema bat irakurri nuen eta poema horrek eman zidan egoerari buelta emateko ideia: beren lurra eta maite duen guztia beren gogoaren kontra utzi duen pertsona hori ez da emigrante soila, desterratua da. Horixe zela pentsatu nuen nire familiaren kasua. Inoiz ez nuen artean pentsatu zergatik etorri ziren beren herria utzita eta ez nuen ikastolara zergatik bidali ninduten ere pentsatu. Niretzat erabat naturala zen hori. Orduan hasi nintzen jabetzen nire familiaren historiaz, eta Euskal Herriko txapelketa nagusi bat leku egokia zela pentsatu nuen familiari aitorpen hori egiteko eta konplexuei buelta emateko. Erabat terapeutikoa izan zen milaka lagunen aurrean bertso hori kantatzea. Hor hasi zen gauzatzen ‘Riomundo’ren historia nire baitan. Eleberria da neure buruari egindako galderen erantzuna. Testigantza bat. Zer da nire familia? Zergatik naiz bertsolari eta euskaldun? Erantzun ahal izateko nire familiaren historiaz jabetu behar izan nuen. Bertsolari banaiz, Albacetetik datorren kontzientzia libertario bati esker naizela esan ohi dut», azaldu zuen.

Iraganik gabeko pertsonak

Berrogei bat lagun ziren Gerriko elkartearen aretoan hitzaldia entzuten. Horietatik dezente eleberria irakurrita etorriak ziren. Inaxio Usarraldek egin zuen aurkezpena, eta, gaiak trilogia bat egiteko ematen duela gogoratu ondoren, irakurleak beren iritzia ematera gonbidatu zituen. Bospasei mintzatu ziren. Batek edo bestek gaian sartzeko orduan arazoak izan zituzten arren, gero laburregi iritzi ziotela esan zuten.

Jon Maiak hartu zuen hitza, eta irakurle bati honakoa erantzun zion: «Etorkinekiko euskaldunen gabezietako bat etorkinak ikustean iraganik gabeko pertsonak ikusi dituztela izan da, eta hutsune hori bete nahi nuen. Iruditzen zait inork ez dituela begiratu mantxurriano, maketo, emigranteak atzetik historia bat duten pertsonak bezala. Eta etorri zirenetako asko, gehienak, gerrako galtzaileak izan ziren eta inork ez ditu ikusi gerrako galtzaile bezala. Ikusmolde nagusia ‘badatoz hona dirua irabazteara’ esatea izan da, eta nik ia-ia erbesteratu politiko bezala ikusten ditut. Sozialistak, komunistak, libertarioak gerra galdu zutelako beren herrietan seinalatuak izaki, galtzaile izanik, nire familia bezala, milaka kasutan politikoki jarraituak, gorritzat seinalatuak, miseriara kondenatuak izan ziren eta euskaldunek ez dituzte ikusi etorkin horiek horrela. Euskaldunek ez dute haien kulturarekiko eta historiarekiko inolako interesik erakutsi. Etorkin horiei iragan bat eraikitzen saiatu naiz liburuan, nire familiaren iragana idatziz. Norbaitek bere lurra bere gogoaren kontra utzi badu, istorio gogor bat dagoela hor atzean pentsatu nuen. Iruditzen zait oraingo etorkin askorekin ere gauza bera gertatzen dela». Eta tesi horrek eztabaidatxo bat sortu zuen.

Ikuspegi horri baikorregia iritzi zioten entzule batzuek, eta batek beste muturreko tesiarekin erantzun zion, alegia, etorri ziren gehienak zapaltzaileak izan zirela esanez. «Ez dira denak jornalariak, langileak eta ezkertiarrak izan. Francoren laguntzaile eta guardia zibilak ere asko ezagutu ditugu, espainol izanik euskaldunen kontra jardun dutenak. Gauzak aurpegi asko dituela esan behar da», esan zuen batek.

Maiak berak onartu zuen diktadurak erabili ere egin zituela etorkinak hemengo errealitatea distortsionatzeko. «Arazoa da etorri ziren guztiak ez zirela horrelakoak izan. Gatazka politikoak biziatu egin du auzi hau ere. Baina gehienak behartuta etorri ziren», jarraitu zuen bere tesia babesten.

Integrazio faltak izan dituen ondorio politikoez ere mintzatu zen, alderdi espainiarrei ematen baitiete botoa. «Integratu zirenak beren erabakiz integratu ziren, ez horretarako laguntzak izan zituztelako», esan zuen.

Eztabaida lasai horretan Jon Maiak esan zuenez, Euskal Herriak ez du gaur ere etorkinak integratzeko estrategiarik. «Nola izan zezakeen, bada, frankismo garaian. Etorkinak herrietako kanpoko auzoetara bidaltzen zituzten eta etxe pila itsusietan denak batera jartzen zituzten. Ghetto moduko auzo horiek islatzen ere saiatu naiz. Etorri ziren asko jornalariak ziren, lurrari loturik bizitakoak, eta horrek esplikatzen du txabolak eta baratzeak egiteko zuten joera. Beharbada, gauza horiei buruz teorizatzen hasi banintz, eragin zuzenagoa lortuko nuen, baina nahiago izan dut naturaltasun osoz berek ere badutela kultura bat adieraztea», esan zuen.

Etorkinei buruz ditugun aurreiritzien kontra jarraitu zuen. «Ez da txarra etorkinak beren lurrarekin gogoratzea. Atzerrira lanera joan diren euskaldunen kasuan Euskal Herrira itzultzea erabakitzen badute, erabaki poetikoa iruditzen zaigu. Etorkin batek gauza bera egiten badu, ‘horrek egin du hemen dirua eta badoa’ esan ohi da. Ahalik eta modurik sotilenean gauza horiek adierazten saiatu naiz liburuan», jarraitu zuen. Bere tesian sakontzeko aitonaren biografiara itzuli zen. «Nire aitonaren giroa oso mendikoa zen, basatia. Bizitzeko borrokatu behar izaten zuten. Euskal Herrira etorri zirenean nik uste dut errazena hemengo arazoetan sartu gabe bizimodua ateratzen saiatzea izango zuten, baina bere jatorrian zapaltzen zuten hanka bera zela ikusi zuten hemen zapaltzailea zen hanka, frankismoa eta diktadura, eta hemen ere zapalduen bandoan jarri ziren. Horrek eragin zuzena izan du nire bizitzan. Azken finean, laurogei urteko hari baten azken muturra naiz. Eta hari hori Albaceten hasten da. Liburu hau ni zer naizen ulertzeko nire buruari egin dizkiodan galderen erantzuna da», jarraitu zuen.

Albaceteren eta Zumarragaren arteko paralelismoak ugari dira liburuan, eta hitzaldian aipatu zituen Jon Maiak:«Orbegozok garai horretan 3.000 langile zituen, eta Extremaduran 3.000 jornalari dituzten latifundioak daude. Haiek beren lurretan bizi zuten zapalkuntzaren antzekoa zegoen hemengo fabriketan. Fabrika horietan hamabi-hamabost ordu egiten zituzten lan». Geroxeago ere itzuli zen Jon Maia paralelismoetara. «Aitona, borroka egiteagatik, kartzelan sartu zuten, komunista izateagatik eskubide zibilik gabe utzi zuten, eta urte askoren buruan bere semea da orain borroka egiteagatik kartzelan dagoena eta bere ilobak dira eskubide zibilik gabe daudenak. Horrelako gertakariak etxe berean bi aldiz gertatzea ezin da kasualitatea izan», esan zuen.

Liburuaren erdia Estatu espainoleko beste eskualde batean gertatzen dela adierazi zuen. «Nire liburuaren balioetako bat horixe izan daiteke:etorkinen istorio bat bi begiradatatik kontatzen dudala, haien begiradatik, sentipenetik eta esperientziatik, eta euskaldunen baten begiradatik. Hori ez zen oraindainokoan egin, zoritxarrez. Horretarako, nire familiaren lekukotasunaz baliatu naiz. Ez dut, hala ere, inolako teorizaziorik egin. Ahalik eta lekukotasun zuzenena eta biluziena egiten saiatu naiz eta horretarako haien begirada erabili dut nagusiki, eta euskaldunaren begirada erabili badut, kontrasterako izan da. Zorionez, bi begiradak ditut neureak», esan zuen bertsolari eta idazleak.

Ekitaldiko galderarik politena gizonezko batek egin zion bukaeran:«Zein herritakoa zen zure aitona Albaceten?». Jon Maiak Villaverde de Guadanimarkoa zela erantzun zion. Galdera egin ziona ere nonbait alde horretan jaioa zen.

Horrenbestez bukatu zen hitzaldia. Jonek berak aitortu zuenez, izan dira lau ordu iraun duten hitzaldiak ere, emigrazioari buruzko eztabaida sutsuetarako bidea eman dutelako. Lazkaon bareagoak izan ziren gauzak. Hitzaldia bukatu orduko, jendea jarri zitzaion erreskadan hark eleberria izenpetu zezan. Horien artean zortzi urteko neskato bat zegoen, Karidadeko Bentako diskoak etxean askotan entzuten dituena. Gainerakoak neska helduxeagoak ziren. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Del titular grueso a la letra pequeña
Euskal Herria
«Estamos al inicio de un camino que sigue necesitando compromisos»
Euskal Herria
El juez cita el miércoles a Otegi, para quien el fiscal mantiene su petición
Euskal Herria
«Ahora nos toca trabajar a nosotros, no podemos dejárselo a los políticos»
Kultura
Fallece el realizador Eloy de la Iglesia en un hospital de Madrid
Kirolak
Bakero toma el relevo de Arkonada
Euskal Herria
La Unión Europea da su respaldo a Zapatero para «buscar una solución al largo conflicto»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea