GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-03-24
Maider EIZMENDI
Migrazioak banatu eta artxibo lanak batu
Donostian ikusi dute elkar. Urteak pasa dira euren ahaideek bide bana hartuzutenetik, baina Juan Carlos Luzuriagari bere euskal sustraiak bilatzeko grina piztu zitzaion. Hark bultzatuta lan ugari egin zuen, Euskosareren sustraien bila programarekin topo egin arte. Egun hauetan, urteetan elkarri kontatu gabekoak ahotan hartuta dabiltza.

Jose Higinio eta Angel Maria Ruiz de Luzuriaga anaiek, Agurainen elkar agurtu eta nork bere bidea hartu zutenean, ez zuten berehalakoan pentsatuko hainbat belaunaldi geroago euren ondorengoek elkar ezagutzeko hainbeste lan hartuko zutenik. Baina 142 urte geroago bidaia hark urrundu zuena Eusko Ikaskuntzak batu du, EuskoSareren Sustraien Bila programak, hain justu.

Juan Carlos Luzuriaga Uruguain jaio zen, bere heren-aitonak, Aguraindik Argentinara bidean jarri bazen ere, Uruguaira joatea erabaki baitzuen ondoren. Aspaldidaniko grina du Juan Carlosek Euskal Herriko senideak bilatzekoa eta orain hogeita hamar urte ekin zion lan horri. «Gertaera bitxi baten berri izan nuen. Nire lankide bati behin atea jo eta bere senideak agertu zitzaizkion atarian Errezildik etorritakoak», kontatu du. Aurretik zuen jakin-minarekin bat egin zuen gertaera hark eta bere ikerketen abiapuntu gertatu zen.

«Gertuko senideetara, telefono gidetara... jo nuen eta makina bat gutun bidali nituen Euskal Herrira», azaldu du, baina ez zuen bere grina aseko zuen erantzunik jaso, soilik bere arbasoak Agurainen jatorria zutela jakin ahal izan zuen, baina senideen arrastorik ez.

Euskal Herrira ere birritan etorria da aurretik, informazio gehiago jasoko ote zuen. Eta hain justu, iaz, bigarren bidaian, Euskal Herria Mugaz Gaindi nazioarteko mintegian izan zuen EuskoSareren Sustraien Bila programaren berri. Urte luzeetan batutako datuak hartu eta programaren arduradun den Jon Bustillorengarana bertaratu zen, bere ahaideen bila zebilela esanez, hasiera batean oso baikor ez zela aitortu duen arren.

Hilabete geroago iritsi zitzaion berria, telefonoz eta ezustean. Sustraien Bila programak bere ahaideak aurkitu zituen Donostian. «Izugarrizko poza sentitu nuen. Nik nire burua uruguaiartzat dut, baina aldi berean identidade bikoitzaren sentimendua badut. Horiek biak elkartu nituen egun horretan. Milaka eta milaka kilometrora bizi garenok gure erroak baieztatzeko beharra dugu», adierazi du. Gainera oso modu bitxian azaldu du sentimendu bikoitz hori: «Batek haur bat duenean, asko maite du eta beste inor modu berean maitatzeko ahalmenik ez duela izango uste du. Baina bigarren haurra izatean biak modu berean maitatzeko gaitasuna duzula konturatzen zara. Sentimendu hori bera izan daiteke aberriekin». Juan Carlosen esanetan, ugari da sentimendu hori Uruguain eta ondorioz baita ahaideak bilatzeko ohitura ere. «Uruguain gehienak emigranteen ondorengoak gara eta horrek, besteren artean, gure herrialdeari errealitate koloreaniztuna ematen dio», azaldu du.

Elkarren berri izan zutenetik, Luzuriagatarrak gutunen bidez izan dira harremanetan. Baina Agurainen 750. urteurrena dela-eta, Euskal Herrira bertaratzeko parada izan du orain Juan Carlosek, eta bidez batez, bere Donostiako ahaideekin elkartzeko aukera. «Bitxia da hainbat urte urrun egon eta hain bide bereziak eginda ere, elkarrekin makina bat gauza komunean ditugula jabetzea. Horiek dira globalizazioren lanak, gai asko ditugu eztabaidatzeko milaka kilometrora bizita ere», azaldu du.

Juan Carlosentzat bere ahaideen berri izatea sorpresa itzela izan bazen, Donostiako Ricardo eta Francisco anaientzat eta beren lehengusu Iziar Garciarentzat ez da nolanahikoa izan ezustea. «Ez genuen Uruguain senideak genituen arrastorik ere eta Jon Bustillok hots egin zigunean, izugarrizko sorpresa hartu genuen», azaldu du.

Sustraien Bila programaren koordinatzailea den Jon Bustillok adierazi duenez, orotara 150 eskaera jaso dituzte eta jada 30 familia batzea lortu dute. Horretarako artxibo lana egitea ezinbestekoa dela azaldu du, Juan Carlosek aurretik «lana erraztua» zuela esatearekin batera. Haren esanetan, emigratutako lagun askorentzat garrantzitsua da beren sustraiak aurkitzea «beren ondorengoek euskalzaletasuna ez galtzeko modua ematen baitu». Lana atsegina dela oso adierazi du, baina oztopoak ez direla gutxi izaten nabarmendu du.

Hain justu, eta bitxia badirudi ere, Juan Carlos, Francisco eta Ricardok, hirurek, Luzuriaga abizena izatea ere halabeharraren fruitu baino ez da. Donostiako senideek hirugarren abizena dute Ruiz de Luzuriaga, Juan Carlosekin senidetzen dituena. Hark berriz, bidean galdu du «Ruiz», «Uruguain abizen konposaturik ez baita».

Zoriak batu baditu, orain ez dute denbora alferrik galtzeko asmorik, aurretik, besterik ezean, Juan Carlosek Euskal Herrian egingo dituen hamabost egunak dituzte.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Del titular grueso a la letra pequeña
Euskal Herria
«Estamos al inicio de un camino que sigue necesitando compromisos»
Euskal Herria
El juez cita el miércoles a Otegi, para quien el fiscal mantiene su petición
Euskal Herria
«Ahora nos toca trabajar a nosotros, no podemos dejárselo a los políticos»
Kultura
Fallece el realizador Eloy de la Iglesia en un hospital de Madrid
Kirolak
Bakero toma el relevo de Arkonada
Euskal Herria
La Unión Europea da su respaldo a Zapatero para «buscar una solución al largo conflicto»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea