GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-11-17
«AHTren lanak hasi dira dagoeneko, informaziorik eman gabe eta ezkutuan»
«Orain da garaia. AHT Gelditu!». Horixe izango da bihar Gasteizko kaleetan barna izango den manifestazioaren leloa eta arrazoia. AHT Gelditu! Elkarlanak mezu garbia helarazi dio gizarteari: badira bost hilabete Madrilgo eta Gasteizko gobernuei eskatu ziela gehiengoaren iritzia aintzat hartzeko. Gauza batzuk aldatu dira ordutik, lanak hasiak baitira. Beste asko bere horretan daude: «Euskal herritarren iritzia ez da entzun eta mila arrazoi daude AHT gelditzeko».

DONOSTIA

«Lakuako eta Madrilgo gobernuek ez dute entzun gehiengo sozialak eta sindikalak Abiadura Handiko Trenaren aurka goratutako ahotsa eta obrak hasi dituzte dagoeneko, inolako informaziorik eman gabe eta ezkutuan». AHT Gelditu! Elkarlana taldeak atzo Donostian emandako prentsaurrekoan salaketa garbia egin zuen.

Joan den ekainean plataforma horrek mahaira atera zuenez, «mila arrazoi daude AHTri ezetz esateko» eta, horregatik, Madrilgo eta Gasteizko gobernuei eskatu zien gehiengo sozialaren eta sindikalaren kontrakotasuna entzuteko eta aintzat hartzeko. Hilabete batzuk pasatu dira ordutik, Abiadura Handiko Trenaren lanak martxan hasiak dira eta, hala ere, oraindik proiektuari ezetz esateko «mila arrazoi» daudela nabarmendu zuten berriz atzo Donostian izandako prentsaurrekoan. «Bost hilabete pasatu dira eskaera hura egin genuenetik eta oraindik gobernuek hitza eta erabakia gizarteari eman gabe jarraitzen dute», agertu zuen plataformako kide Mila Elortzak.

Horiek hala, bihar, larunbata, Gasteizen izango den manifestaziora joateko dei egin zien Elortzak «ekologistei, sindikalistei eta gizarte osoari» plataformaren izenean. Manifestazioa 17.00etan abiatuko da Gasteizko Iparralde zentrotik eta martxaren leloa “Orain da garaia. AHT Gelditu!” izango da. Atzoko prentsaurrekoan hainbat gizarte eragileren eta sindikaturen babesa jaso zuen plataformak, Elkartzen, EHNE, LAB eta Batasunarena, besteren artean, eta horiek ere manifestazioan parte hartzeko dei egin zuten.

Elortzak berretsi zuenez, Abiadura Handiko Trenak «ondorio sozial, ekonomiko eta kultural oso larriak» ekarriko dizkio Euskal Herriari eta horregatik dei egin zien euskal herritarrei «antisoziala eta antiekologikoa den proiektu horren kontra eta beren eskubideen eta borondatearen alde mobiliza daitezen». Hitzordua biharko dago jarria.



Ezker Abertzalearen galdera gaurko osoko bilkuran

DONOSTIA

Gasteizko Legebiltzarrean osoko bilkura izango da gaur eta, bertan, Ezker Abertzalea taldeak galdera zuzena egingo dio Nuria Lopez de Gereńuri, Lakuako Garraio eta Herri Lan sailburuari: «Abiadura Handiko Trenaren lehen zatiko obrak hasi dira edo ez?». Izan ere, AHTren aurkako mugimenduak Gasteiz inguruko Urbinan eta Lukun lanak hasiak direla salatu du eta hiru lagun makineriara kateatu dira duela egun gutxi. Komunikabide guztiek ontzat eman dute lanak hasi direla dioen informazioa, baina Lakuako inork ez du oraindik ezer esan. «Sailburuak isilik jarraitzen du eta oso adierazgarria da hori. Orain dela bi aste, Legebiltzarreko Batzorde batean, gure taldeak galdera bera egin zion ­obrak hasi ote diren­ eta Lopez de Gereńuk ez zuen erantzun», salatu du Ezker Abertzaleak.



«Benetako erabilera sozialeko garraiobideen garapena hipotekatuko luke»

DONOSTIA

Tren Sozialerako Sareak «euskal gizartearen benetako mugikortasun beharrei erantzuteko garraio eredua identifikatzeko eta ezartzeko» lanean dihardu eta urteak daramatza garraioa oro har eta trenbidea zehatzago aztertzen. Azterketa horren ondorioak dokumentu batean aurkeztu ditu eta bertako ondorio garbienetakoa da «AHTren egitasmoa alboratu beharra». Talde horren iritziz, Abiadura Handiko Trenak «ez du erabilera sozialeko garraiobideak bete beharreko irizpiderik betetzen». Horretaz gain, azpiegitura horrek «ingurumenean, ekonomian eta gizar- tean» eragin bortitzak izango dituela uste du: «AHTk hipotekatu egingo luke benetako erabilera sozialeko garraiobideen garapena».

Azpiegituraren proiektua aurrera eramateko moduan ere ikusi ditu hutsuneak Tren Sozialerako Sareak. «Gabezia handiak izan dira parte hartzean oinarritutako prozesuan. Erakundeek baztertu eta ukatu egin dute, nahita, egitasmoaren inguruko eztabaida publikoa», salatu du. Hartara, «onartezina» deritzo Gasteizko Legebiltzarrean AHTren alde azaldutako alderdi politikoek gehiengoa dutelako argudioa erabiltzea «AHTren aldeko iritzia bertan ordezka- tuta dagoela esateko».

Horregatik guztiagatik, Lakuako Garraio Sailari mezu garbia bidali diote: «AHT egitasmoa berehala gelditzeko; lanetarako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu zatia berehala erretiratzeko eta gizartearen behar sozialei erantzungo dien trenbide eta garraio politika identifikatu eta martxan jartzeko».


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Momento de hablar, momento de avanzar
Euskal Herria
La fiscal reclama para Jarrai, Haika y Segi la ampliación del concepto de «terrorismo»
Euskal Herria
La AN impone atención médica a Ińaki De Juana
Kirolak
Un nutrido pelotón arropó a los vencedores de 2006
Kirolak
Oraingoan bai, zuri-gorriz eta Lezamara
Euskal Herria
Chirac apoya sin ninguna reserva la gestión de Zapatero en el proceso
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss