GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-21
«Kaukasiar kreazko borobila», Donostia saria
Théâtre de Chimères-ek eta Pok-ek elkarlanean ekoitzitako Bertolt Brecht-en «Kaukasiar kreazko borobila» lanak Donostia saria irabazi du. Epaimahaikideen iritziz, «goi mailako lana» da, arrazoi askorengatik euskal antzerkigintzaren historian «mugarritzat» ere jo daitekeena. Saritutako lana astelehenean oholtzaratuko dute Donostian, eta gero, aste oso batez, Bordelen.

DONOSTIA

Bertolt Brecht-ek idatzi eta Itxaro Bordak euskaratu duen “Kaukasiar kreazko borobila” ikuskizun aparta da alde askotatik begiratuta, eta alde horiek guztiak edo gehienak, behintzat, izan ditu kontuan VI. Donostia Antzerki saria eman duen epaimahaiak. «Arrazoi askorengatik, mugarri bat izango da euskal antzerkigintzaren historian», esan zuen atzo Norka Chiapuso Donostia Kulturako antzokietako arduradunak.

Epaimahaiak, beste bertuteen artean, honakoak nabarmendu ditu: gutxitan ikus daiteke neurri eta maila horretako antzezlan bat euskaraz; aktoreen intentsitatea eta erakustaldi fisikoa harrigarria da, baita haien koordinazioa eta lana ere; ikusleak hein handi batean partaide bihurtzen dituen ez ohiko eszenografia (batez ere, ikusleak oholtzaren aurrean egon beharrean, oholtzaren inguruan daudelako); musika eta kantak antzezkizunean zehar naturaltasun osoz uztartzen dira; lanak bertsio bakarra du, euskaraz, baina, azpitituluen bidez, euskaraz ez dakitenek ere ulertzeko aukera dute; iparralde eta hegoaldeko taldeen arteko elkarlanaren fruitua da, eta hori interesgarria da oso euskarazko antzerkigintza indartzeko.

Bertute gehiago ere ba omen dira. Esaterako, hainbat euskalkiri leku egin izana aipatu zuen Chiapusok, baina, aldi berean, bertute horiek guztiak alferrikakoak izango liratekeela nabarmendu zuen, baldin eta emaitza benetan biribila ez balitz. «Eta, ezbairik gabe, biribila da, ikuskizun zoragarria da».

Donostia saria Euskararen Udal Patronatuak eta Donostia Kulturak sortu zuten orain dela sei urte, helduentzako euskarazko antzerki eskaintza normalizatze aldera. Zazpi izan dira aurtengo lehian sartu diren lanak: “Euskararen zazpi bekatu nagusiak” (Korrika-Pok), “Otehitzari biraka” (Kukai-Tanttaka), “Nasdrovia Chejov” (Vaiven), “Au revoir, triunfadoreak” (Antzerkiola Imaginarioa), “Zeta” (Hika), “Batek mila” (Euskal Kurtur Erakundea) eta irabazle izan den “Kaukasiar kreazko borobila” (Chimères eta Pok). Lehiatu direnen maila ona kontuan izanik, horrelako sari baten beharra bazegoela ondorioztatu zuen atzo Ramon Etxezarreta Donostiako Kultura zinegotziak.

Sariaren ikurra, aurten, Koldobika Jauregiren lan bat izango da, “Basoa” izenekoa. «Badu urre kolore pixka bat ­esan zuen­; eszena basoa bada, urre hori aktorearen distira izan daiteke». Horrez gain, Chiméres-ek eta Pok-ek 9.000 euro hartuko dituzte. Aldi berean, 2007an Donostian lan bat estreinatzeko konpromisoa hartuko dute.



Beobide: «Zentro Dramatiko Nazional batek egin beharreko lana da»
M.A.

DONOSTIA

“Kaukasiar kreazko borobila” «superprodukzio» bat da. Berrogei bat lagun aritzen dira ­hogeita lau oholtzan bertan­, eta horietatik batzuk oso ezagunak dira, esaterako, Jean-Marie Broucaret zuzendaria bera, Pascal Gaigne musikagilea edota Ramon Agirre aktorea.

«Berez, horrelako lan bat gehiago legokioke Zentro Dramatiko Nazional bati ­aitortu zuen atzo Olatz Beobide ekoizle eta aktoreetako batek­, baina, zoritxarrez, oraindik Euskal Herriak ez du horrelakorik. Bi urtez aritu behar izan dugu dirua Euskal Herritik bertatik, Akitaniatik, eta, azkenean, Europatik ere eskuratzen. Eta egindako apustuaz benetan harro gaude».

«Zergatik apustu handi hori? ­jarraitu zuen Beobidek berak­ Brecht-en lana handia zelako; izan ere, bere garaian lau orduko antzezkizuna zen, eta guk bi ordutan utzi dugu, hori bai, bi ordu bizi-bizi, batez ere Jean-Marie Broucareten zuzendari lanari esker».

Baina ez zen apustu handia soilik Brecht-en lana luzea zelako. «Gauzak ez dira kasualak izan. Brecht bat euskaraz egin daitekeela erakutsi nahi genuen, baita euskarak mugak hausteko kapazitatea baduela ere», esan zuen Beobidek.

Jean-Marie Broucaretek, berriz, “Kaukasiar kreazko borobila” sinbolotzat du. «Bertan aktore euskaldunak eta euskaldunak ez diren eta euskara ez dakiten aktore kubatar, afrikar, frantses edo espainolak aritzen dira ­nabarmendu zuen­. Nire ustez, Euskal Herrian beste kulturekin harremanetan jartzeko dagoen desioaren sinbolo bat da. Aldi berean, antzezkizunaren oinarri-oinarrian euskara eta euskal kultura daude, eta horrek antzezkizuna Euskal Herritik harantz ere euskara eta euskal kultura esportatzeko nahiaren sinbolo ere bihurtzen du. Horrela gauzak, uste dut etorkizunari begira itxaropentsu izan gaitezkeela», esan zuen.

Brecht-en gaurkotasuna

Brecht-en mezua gaurkotasun handikoa dela ere nabarmendu zuen Broucaretek. Argumentua gogora ekarri zuen: Hitelerren armadaren beldur, Kaukasoko artzain herri batek ihes egin zuen ekialderantz. Gerra bukatutakoan, berriz, itzuli da, baina bere lurrak nekazari herri batek okupatuta aurkitu ditu. Bi herrien arteko liskarrak baretzeko, talde batek elezahar batean oinarritutako antzezkizuna egitea proposatzen du. «Hor etengabe azaltzen dira gaur egun munduko lau kantoietan puri-purian dauden hainbat gai, hala nola, nor den lur baten edo herri baten jabe, nola eraikitzen diren nortasunak eta beste», esan zuen Broucaretek.

“Kaukasiar kreazko borobila”k oso kritika onak lortu dituen arren, gutxitan antzeztu da, lan handia izanik, aurrekontu handia eskatzen duelako. «Izpuran estreinatu ondoren, Baionan lau egunez aritu ginen, eta gero Gasteizen, Azpeitian, eta, bi egunez, Donostian. Larunbatean Eibarren arituko gara, astelehenean Donostian berriro eta gero, aste oso batez, Bordelera joango gara. Bordeleko emanaldi horiek Frantziako eta Espainiako hainbat festibaletako ateak irekiko dizkiguten esperoan gaude», esan zuen Olatz Beobidek. Euskal Herrian, Udalbideren bidez, gehiagotan ere arituko direla uste dute, «beharbada Barañainen edo Beran», baina emanaldiak lotu gabe daude. «Ez da erraza, oso muntaia handia delako», argitu zuen.

Nazioarteko Antzerkiaren Egunean, gala berezia

Nazioarteko Antzerkiaren Eguna ospatzeko, datorren astelehenean, hilak 27, gala moduko ekitaldia antolatu dute Egiako Kultur Etxean. Gala horren lehenengo zatian, Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek espresuki prestatutako ekitaldi berezi batean, Donostia saria hartuko dute Chimères eta Pok-eko arduradunek. Ondoren, “Kaukasiar kreazko borobila” antzeztuko dute. 20.00etan izango da hitzordua. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La calle complica las cosas a De Villepin
Jendartea
Preso bat bere burua hiltzen saiatu da
Jendartea
El Gobierno de Sanz abre expediente a organizadores de olentzeros en Iruñea
Euskal Herria
Los traslados del último mes profundizan en el alejamiento de los presos políticos
Euskal Herria
ETA asume nueve acciones desde el 16 de febrero
Euskal Herria
Oiartzungo Bake Epaitegia kiskalia, eraso egin ostean
Euskal Herria
El Parlamento de Gasteiz acepta hacer un informe de la verdad del 3 de Marzo
Kultura
Velázquez, Herrera el Viejo, Caravaggio y Zurbarán, eje de una exposición en Bilbo
Kirolak
Olabe es cesado y el club piensa en Barasoain
Ekonomia
Sindicatos y estudiantes convocan una jornada de paros contra el CPE
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea