Euskalduntzearen aldeko elkarretaratzea Gasteizen
GASTEIZ
Gasteizko Ibaiondo ikastetxean B eredua ezar dezaten Arabako Batzar Nagusiek PP eta PSEren mozioa onartu zutela aintzat hartuta, elkarretaratzea egin zuten atzo Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) eta Euskal Herriak Bere Eskolak (EHBE) Arabako Diputazioko jauregiaren aurrean.
Azken urteetan egindako azterketek egungo ereduen sistemak haurren euskalduntzea ez duela ziurtatzen adierazten duten arren, «oraindik ikasleek euskara ezagutzeko duten eskubidea urratzen duen sistema baten alde» azaltzen direla salatu zuten.
«Mozioak euskal gizartearen gehiengoak jada gainditua duen eztabaidara itzultzen gaitu», esan zuten. Egoera honen aurrean, EHEk eta EHBEk ereduen sistema gainditu eta ikasle guztiak euskaldunduko dituen sistema ezartzeko eskatu zuten egindako elkarretaratzean.
|