DONOSTIA
Arreta gabeziarekin zerikusia duten nahasteak dira eskolako umeen artean gehien diagnostikatzen dituztenak %1 eta %5 bitartean, eta hezitzaileen artean zalantzak izaten dira haur horiekin nola jokatu erabakitzerakoan. Horretaz jabeturik, GIEko Orientazio Mintegiak eta Mikel Haranburu, Jesus Guerra, Esther Torres eta Txema Zumalabe EHUko irakasleek “Jolas eta lan” bilduma kaleratu berri dute.Programaren helburua hezitzaileen lagungarri izatea da eta arreta gabezia, hiperaktibitatea eta inpultsibitatea duten Lehen Hezkuntzako haurrei begira kaleratu dute. Lau liburu ditu bildumak; lehena gida liburua da eta beste hirurek nahaste horiek tratatzeko ariketak proposatzen dituzte.
Mikel Haranburu EHUko Psikologia Fakultateko irakasleak aurkeztu zuen programa, eta, azaldu zuenaren arabera, arazo hori duten haurrek ez dakite arreta noiz eta zeri jarri. «Arreta jartzeko gaitasuna duten arren, ez dakite gidatzen; ez dakite noiz aktibatu eta noiz inhibitu behar duten. Ondorioz, arazoak pilatu egiten zaizkie eta hainbat esparrutan eragiten dute», ziurtatu zuen.
Ondorio nagusiak harremanetan jartzeko oztopoak, arazo emozionalak eta autoestimu urria izaten direla aipatu zuen, eta horiei irtenbidea eman ezean nerabezaroan portaera arazo handiak izaten direla zehaztu zuen.
Arreta gabeziari eta hiperaktibitateari aurre egiteko tratamendu desberdinak dauden arren, hedatuena estimulatzaileen eta depresioen aurkakoen bidezkoa da. Haranbururen iritziz, sendagaien bidezko tratamendua lagungarri izan daiteke, baina ez du arazoa konpon- tzen: «Tratamendu biokimikoen kasuan, sendagaia desagertzean efektuak ere desagertu egiten dira, beste tratamendurik egin ez bada». Alde horretatik, tratamendu osagarriak erabili beharra nabarmendu zuen psikologia irakasleak, eta horien bidez tratamendu kimikoaren dosia bi heren jaits daitekeela nabarmendu zuen.
Onura horiek aintzat hartuz, “Jolas eta lan” programak arreta jartzen eta mantentzen ikasteko ariketak proposatzen ditu. Besteren artean, ilusio optikoen bidezko hautemate ariketak, jakin-mina pizteko asmakizunak, arreta bideratzeko ariketak, ikusmenaren eta mugimenduaren koordinazioa lantzeko jolasak, harremanak hobetzeko aholkuak eta lanaren antolamendua hobetzeko bitartekoak bateratzen ditu programak. Umoreak dakartzan onurak ere aipatu zituen Haranburuk, eta saio bakoitzean txiste bat tartekatzen saiatu direla aipatu zuen, dibertigarria izateaz gain lasaigarria baita.
Eskolan eta etxean lantzeko moduko liburua
Programa Lehen Hezkuntzako irakasleei zuzendurik badago ere, Mikel Haranburuk azaldu zuen arreta gabezia edo hiperaktibitatea duten seme-alaben gurasoentzat ere egokia dela. Gida liburuko azalpenak eta ariketen helburua zehaztu ostean etxean lantzeko moduko liburua dela azaldu zuen Haranburuk. Hala ere, proposatzen diren ariketak lagunartean egitea gomendatu zuen, eta hala eraginkorragoa dela argudiatu zuen. Hezitzaile eta orientatzaileek programa ondo hartu dutela gaineratu zuen. -