- Finalerdiak
Ezkurra eta Ozafrain, aurrez aurre
DONIBANE GARAZI
Finalerdiak non eta noiz jokatuko ziren erabakita zegoen jadanik, igandean Baigorrin eta astelehenean Donibane Garazin, baina zein partida jokatuko ziren atzo bertan erabaki zen.
Baigorrin, igandean, 17.00etan hasita, Etxeberri-Ozafrain eta Idiart-Ezkurra II.a neurtuko dira. Astelehenean, ordu berean hasita, Donibane Garaziko Garat trinketean Muskarditz-Etxeto Sorhuet-Biscoubyren aurka lehiatuko dira. Apirilaren lehen egunean irabazleak Angelun neurtuko dira.
Finalerdi honek badu bereizgarri oso erakargarria, Ozafrain eta Ezkurraren arteko dema izango baita. Bi pilotari horiek orain dela bi aste neurtu ziren Bakarkako finalean, eta ordutik lehen partida izango dute elkarren aurkakoa datorren igandean. Norgehiagoka horrek ez du harekin zerikusirik izango, binaka aritzeak bakarka aritzearekin zerikusirik ez baitu, baina zaleak amorratzen daude biak berrio ere lehian ikusteko. Gainera, biak atzelariak izanda, hori gehiago nabarmenduko da. Idiart du lagun bakarkako txapeldunak, eta Etxeberri Ozafrainek.
Bi aurrelariak sasoi handiarekin daude, eta haien lana ere nabarmentzekoa izan daiteke. Hori bai, ez da lagunarteko partida, finalerako txartela dute lehian, eta partida ederra izango da seguruenik ere.
«Uste dut zaleek elkarren aurka ikusi nahi gaituztela. Bai Ozafrain bai ni sasoian gaude. Bakarkakoa amaitu eta Binakakoa hasi da, eta berdin entrenatuz jarraitu dugunez, ez dut uste ezer galdu dugunik. Gero, bi aurrelariak ere sasoian daude, eta uste dut ikuskizun ederra eskaintzeko gai izango garela», adierazi zuen Paxkal Ezkurrak.
|