SORHUET - BISCOUBY
40
LARRETXEA - KURUTXARI 30
MUSKARDITZ - ETXETO
40
ARANBURU - MAITE 9
ETXEBERRI - OZAFRAN
40
EZKURRA I - ISTILLARTE 22
DONINBANE GARAZI
Sorhuet-Biscoubyk, Muskarditz-Etxetok, eta Etxeberri-Ozafrainek lortu zuten atzo Donibane Garazin Berezkoen Binakako Txapelketako finalerdiak jokatzeko txartela.Lehen partidan izan zen ezusterik handiena, Sorhuetek eta Biscoubyk mendean hartu baitzituzten Larretxea eta Kurutxari. Biscouby lehiaketak utzita zegoen, baina azken orduan sartu beharra izan du, eta sekulako norgehiagoka egin zuen. Atzean erabat menperatu zuen Kurutxari, eta pilota bikainak utzi zizkion Sorhueti aurrean kintzea finitzeko. Partidaren gakoa, ordea, hasieran egon zen, 15-2 aurreratu baitziren irabazleak, eta horrek lasaiago jokatzeko aukera eman zien.
Bigarrenean, txapela lortzeko faboritoak diren Muskarditz eta Etxetok irabazi zuten. Lehendik ere hautagai nagusiak baziren, atzokoa ikusita inork gutxik jartzen du zalantzan; 9an utzi zituzten Aranburu eta Maite. Emaitzak dena erakusten du, eta gauza gutxi aipa daiteke, irabazleak erabat nagusitu baitziren. Faboritoak oso indartsu daude, eta horiei irabaztea oso zaila izango zaio edozeini.
Azkeneko partidan, berriz, Etxeberrik eta Ozafrainek lortu zuten garaipena. Partida gogorra izan zen, Ezkurra I.ak eta Istillartek ongi eusten zioten, eta batzuetan nagusitu ere bai, baina kintzeak besteen aldera erortzen ziren, eta amaieran Etxeberrik eta Ozafrainek garaipena lortu zuten.
Guztietan Etxeberri nabarmendu zen. Aurrelari gaztea ari da bere maila hartzen, eta Banakakoan itxura ona eman baldin bazuen, atzo ordukoa errepikatu egin zuen, eta zaleak harekin itxaropentsu agertzen dira.