Mikel Aramendi
Zergatia
Baikorra ez ezik pozgarria dirudi berriak itxuraz, baina asaldagarria da zergatia zinez. Berria da Michael Ancram, Lothiango markesa, Erreginaren Kontseilukoa, duela 14 urtez geroztik Komunen Ganbarako kidea Devizesetik eta, noski, Alderdi Kontserbadorekoa denak “The Daily Mail” egunkarian (bakoitzak daki bere bezeria nondik nora ibiltzen den) iragan ostiralean argitaratutako artikulu baten bitartez Erresuma Batuak Iraken dituen tropak segituan etxeratzen hasteko eskatu duela. Toryen zuzendaritzak, jakina, esan du Ancramen ikuspegia besterik ez dela hori, eta partiduaren irizpidea dela behar adina denbora jarraitu behar dutela soldaduek Iraken. Ancram, haatik, ez da Antton, eta haren iritzia ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula toryen munduan. Partiduko kargu goren gehientsuenetan ibilitakoa da, Itzalpeko Kabinetean Kanpo Arazo eta Defentsako arduraduna izan da, eta egun diputatu toryen buru izaten jarraitzen du oso adiskide ez duen D. Cameron-en zuzendaritzapean ere (eta horrexegatik susmatu dute batzuek liderraren aurka azpilan pixka bat egiteko ere argitaratua izan daitekeela etxeratze eskaria). Ez da hori, ordea, gogoeta nagusia. Ancram markesa, beste gauza askoren artean, Henry Jackson Society elkartea 2005ean sortu zuteneko bat da. Aurkariek britainiar neokontserbadoreen mintegitzat maiseatzen duten elkargo horrek, sortze-agirian dioenez, munduan zehar «geopolitika demokratikoa» bultzatzea du helburu. Armez bultzatu ere, behar izanez gero. Sortzaileen artean, diputatu kontserbadore mordoskaren ondoan, MI6ko buru ohia edo R. Murdochen inguruko pertsonaiak aurki daitezke. Atlantikoaz beste aldeko eragileak ere ez dira nornahi: J. Woolsey (CIAko zuzendari ohia), R. Perle, W. Kristol... «Ancramen iritzia», hein batean, beste horiena ere izan daitekeela pentsatzeak hotzikara eragingo die batzuei. Niri benetako asaldura, ordea, soldaduak etxeratzeko ematen duen zergatiak eragiten dit. Bere burukide ahaltsuen aitzindari izaten ari daitekeen Ancramen iritzian, Irak jada gerra zibilean murgilduta dago eta, egoera horretan, okupazio tropek ez omen lukete xii eta sunnien artean harrapatuta geratu behar, baizik «Iraketik irten egin behar genuke, duintasun eta ohorez egin dezakegun artean». Oso ilun ikusi behar da geroa, orain erretiratzea duintzat jotzeko... -
|