Uribe: «‘Bitartean heldu eskutik’ liburuari esker egin naiz idazle»
Duela hilabete aurkeztu zuten Bordelen «Bitartean heldu eskutik» Kirmen Uriberen poema liburuaren frantsesezko itzulpena. Ordurako Castro Astral argitaletxeak emanaldi-aurkezpena egina zuen hainbat poema errezitatuz eta musikaz jantziz. Egun emanaldia egiten jarraitzea erabaki dute bertan parte hartzen duten aktoreek, musikariek eta Kirmen Uribek berak, eta Euskal Herrian baita Estatu frantsesean ere ikusgai izango da datozen egunetan eta uda bitartean.
GASTEIZ
Bere poema liburua jasotzen ari den arrakastarekin pozik dagoela onartzen du Kirmen Uribek. “Bitartean heldu eskutik” ez da liburu berria, baina, hala eta guztiz ere, 2001ean lehenengoz argitaratu zutenetik garatu eta hazi den argitalpena da. Lehen edizioan euskara hutsean idatziriko poemak argitaratu ziren; denboraren eta lorturiko oihartzunaren poderioz, zenbait poema New Yorken ingelesez errezitatu zituzten, hara gonbidatu baitzuten Kirmen Uribe, eta duela hilabete Castro Astral etxeak frantsesera itzuli dio liburua. Bide batez, Estatu frantsesean egin berri duten argitalpen horrek bidea ireki dio Kirmen Uribek beste hiru aktore eta musikari frantsesekin antolatu duten poesia eta musika errezitaldiari. «Uste dut itzulpenak oso garrantzitsuak direla. Ea garai berri hauetan lortzen dugun gure literatura itzultzea, ez derrigorrez gaztelaniatik, baizik eta euskara hutsetik. Horrela itzuli baitu liburua Katalin Totorikak adierazi du idazleak. Pozik nago horrelako gauzekin beste herrialdeetako aktore, musikari, idazleekin hartuemana lortzen delako. Jazz musikariek egiten duten moduan, pianista eta gitarrista harrema- netan jarri eta momentuan emanaldia egiten dutenean magia ateratzen da... Kolaborazioak dira baina asko ikasten da eta balio du norberak kanpotik ikusteko». Ondarroakoak GARAri esan dio: «Estatu Batuetan argitaratuko da udazken-partean ingelesez. New Yorken izan ginenean ingelesera itzuliak izan ziren zenbait poema, baina oraingo honetan edizio berri bat izango da, non liburu osoa lehengoz ingelesez argitaratuko den». Modu horretan, eta frantseseko itzulpenaren argitalpena dela-eta sortu da “Bitartean heldu eskutik” emanaldi berritua. Bordelen martxoan lehenengoz agertu zuten, eta datozen hilabeteetan, uda bitartean, Uribek, Francoise Mouget eta Martine Luciani aktoreekin, baita Monsieur Gadou musikariarekin batera ere, Baionan eta Pauen plazaratuko du, besteren artean. Uribek aitortu du: «Liburu honek asko eman dit. Liburuak berak egin du ibilbidea, eta oso pozik nago liburua bizirik dagoelako. Idazleak beti nahi du liburua bizirik egotea eta ez hiltzea. Hau da, bizirik irautea. Gainera, berari esker bidaiatu dut». “Bitartean heldu eskutik” mugarria dela ere aipatu du gazteak. «Nire gaztaroko ibilbidea markatzen duen liburua da, eta orain espero dut beste garai bat etortzea, non idazle helduagoa izango naizen nabarmendu du. Poesiak asko eman dit. Liburu honi esker egin naiz idazle». Uribek fikziozko eleberri batean lanean dagoela jakinarazi dio GARAri. «Entre-temps, donne-moi la main», bihar,
Gasteizen
“Entre-temps donne-moi la main” izenburuko frantsesera itzulitako emanaldia izango da ikusgai Gasteizen, apirilaren 25ean, 20.00etan, Goiuri jauregian. “Bitartean heldu eskutik” poemak frantsesez, euskaraz eta gaztelaniaz entzun ahal izango dira. -
|