GAZTETXE MARTXA
Lapurdiko gaztetxeak bisitatu ondoren Irunera abiatu ziren
Lekukoa esku batzuetatik besteetara, Lapurdin ibili zen atzo Gaztetxe Martxa, eta herrialdeko gaztetxeetan izan zen bereziki. Arratsaldeko zazpiak eta laurden jotzeko zirenean heldu zen karabana Irunera, Mosku plazara, hain zuzen, Hendaia atzean utzi eta gero. «Umoretsu eta lasaitzat» jo zuten antolatzaileek atzoko ibilbidea.
IRUN
Hazparnetik goizeko bederatzi eta erdietan abiatu zen, atzo, Gaztetxe Martxa. Bezperan Ttattola gaztetxea bisitatu eta gero, gaueko hamaiketarako gazteak herriko kultur etxean ziren lo egiteko prest. Ez zen jai handirik izan; izan ere, nekaturik zeuden parte-hartzaileak.Ibilaldian, Baiona zen hurrengo etapa, eta bertara heldu ziren bazkaltzeko. Lehenbizi, auto karabana egin zuten Baionako kaleetan zehar; oso animatua, gainera. Hori izan zen, hain justu ere, atzoko ibilaldiaren ezaugarrietariko bat: animazioa. BABko hirietan barrena «umoretsua eta alaia» suertatu zen giroa antolatzaileen esanetan. Angelun, geroago, oinez abiatu ziren hondartzatik, eta bertako itsasargia ikusi zuten, gaztetxera joan aurretik. Angeluko gaztetxera iristeko bidea, berriro ere, kalejiran egin zuten parte-hartzaileek, «furgonetako musikarekin alaituta, dantzan, jai giroan, eta nola ez, hainbat pankarta erakusten». Angelun izan zen, gainera, bazkaltzeko mementoa; ogitartekoak berriro bideari ekin baino lehen. Arratsaldean, Sarara. Herri horretako gaztetxeak hilabete honetan bete ditu hamabost urte. Herri Urrats bezperan urtero antolatzen den gaupasa izango da agian gazteontzat gaztetxe horrek antolatzen dituen ekimenetatik ezagunenetarikoa, baina Sarako inauteri tradizionalak ere berpiztu dituzte Sarako gazteek, eta hainbat musika talde ezagun pasatu dira herri horretako taulatik. Atzo, mokadu bat prestatu zuten Sarako gazteek Gaztetxe Martxarako, eta sabela bete eta gero, Donibane Lohizuneraino izan zen hurrengo etapa. Bideo muntaia bat ikusi ondotik, Donibane Lohizuneko gazteekin solasaldiak izan ziren eta handik, auto karabana berriro eratu eta gero, Ziburutik Hendaiara pasatu ziren. Auto karabana arratsaldeko zazpiak aldera heldu zen Irunera, eta atzoko ibilaldiaren helmugan, hau da, Mosku plazan, musika ez zen falta izan, eta zirkuko saioetako lantegiak eta txalaparta izan ziren. Irungo gaztetxean lo egin aurretik, afaria eta kafe hitzaldia egon ziren. Gaur Beran eta Elizondon izango da Gaztetxe Martxa.
|