GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-04-24
Meñika kartzelatzea gogor salatu dute zamudiotarrek
Sentimendu gazi-gozoa zuten atzo zamudiotarrek. Ibon Meñika bizilaguna kartzelatzeak eta gazteari egunotan egin dizkioten torturen eta tratu txarren gainean egindako salaketak beste protesta mobilizazio bat eragin zuten. Nolanahi ere, ustez guardia zibilak ziren hiru gizonek zigilua kendu zioten herrikoari. Pozik irekiko ei dute lokala berriz.

ZAMUDIO

Atzo eguerdian, Zamudiok beste mobilizazio bat hartu zuen. 200 bat lagunek Ibon Meñika bizilaguna kartzelatzea salatu eta haren askatasuna aldarrikatu zuten 13.00etan herriko tabernatik abiatutako manifestazioan.

Dena den, hitzorduak esangura berezia hartu zuen herritarrentzat. Izan ere, 11.00k inguruan hiru bat poliziakide auto batetik jaitsi zirela eta lokalaren zigilua kendu zutela jakin baitzuten. Hori hala, atzo arratsean lokalera sartu ziren, batik bat dena garbitu, Guardia Zibilak astearte gauean egin miaketan zer eraman zuen zehaztu eta ahalik eta lasterrena herriko taberna normal irekitzeko asmoz, «hankaz gora utzi zuten-eta». Azaldu zutenez, 400 bat euro bota dituzte jada faltan.

Manifestazioaren bukaeran ere, plazan, horretaz mintzatu ziren. GARAri azaldu ziotenez, bertan, inkomunikatuta egon den egunetan egin dizkioten tratu txar eta torturen gainean Auzitegi Nazionalean Meñikak esandakoak gogorarazi zituzten lehenik. Baina herrikoa zabaltzeak eragin dien pozaz ere jardun zuten. Nolanahi ere, azkeneko albiste hori ona izan a- rren, «arretaz eta kontuz» jokatzeko deia egin zieten bertaratutakoei, datozen egunotan zer gerta daitekeen ez dakitelako.

Bestetik, Santiago Pedraz epaile espainolak Zamudioko gaztea Soto del Realen giltzapetzea agindu zuenez gero, datozen egunotan herrian protesta mobilizazio gehiago izango direla ere azaldu zuten.

Meñikarentzat Soto del Realen baldintzarik gabeko kartzelatzea agindu zuen epaileak larunbatean. Gaztea astearte arratsaldean, 17.00ak inguruan, kontrol batean atxilotu zuen Guardia Zibilak Abadiño inguruan, Berrizerako bidean.

Harrezkero, eta Auzitegi Nazionaletik larunbat goizean pasatu zen arte, inkomunikatuta izan dute, institutu militarrak berak egoera hori luzatzeko egindako eskaera onartu baitzuten. Hala, bere konfiantzazko abokatu Arantza Zulueta alboan zuela, Meñikak salatu zuen lau egunez torturatu dutela.Zehaztu zuen buruan eta barrabiletan kolpatu dutela, eta guardia zibilek barrabilak estutu zizkiotela, gainera.

Iletik behin eta berriz tira egin ziotela esan eta erantsi zuen etengabe flexioak egitera behartu zutela. Hiruzpalau poliziakide une oro oihuka izan zituela eta «bañera» eta elektrodoak aplikatzearekin mehatxu egin ziotela ere zehaztu zuen. Gainera, esan zuen ez ziotela utzi lau egunez lorik egiten.

Inkomunikazio epean, Meñikaren abokatu, senide eta lagunek ez zuten haren egoeraren inolako berririk izan.

Salaketa gogor hori egiteaz gain, gazteak poliziakideei egin deklarazio oro ukatu zuen Pedrazen aurrean, eta horren eta Fiskalaren galderei erantzuteari uko egin zion. Epaileak, baina, kartzelara bidali du.

Estatu espainoleko Segurtasun Indarrek diote ETAri diruz laguntzeko 90 bono zeramatzala gazteak harrapatu zutenean.

«Segada bat izan dela uste dugu, baina bera gogotsu dago»

Zamudioko bizilagunek GARAri azaldu zioten Auzitegi Nazionalean neska-laguna minutu batzuez Meñikarekin izan zela herenegun. «Ondo dago, gogotsu eta indarrez», esan zuten. Gainera, jasotako elkartasun keinuei buruz ere aritu ziren, eta Meñikak «oso pozik» izan ei du horren berri; eskerrak eman ditu. Herritarren ustez, dena den, «segada» jarri diote gazteari, hark esan baitu asteartean guardia zibilen hiru kontrol pasatu zituela 5 kilometroan; lehenengo bietan ez zuten hartu.-


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Los partidos toman posiciones
Mundua
Hamas y Al Fatah acuerdan rebajar la tensión pero mantienen sus diferencias
Jendartea
El escape nuclear de Chernóbil sigue matando
Kirolak
Villa deja sin premio a un buen Athletic
Kirolak
Delporte hace historia en el descuento
Mundua
Un Gobierno húngaro mantiene el poder por primera vez desde 1990
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea